https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Errenazimenduko maisuen modura lan egiten dut, hitzari dagokion jantzia jartzen»

Maite Larburu, liburuaren aurkezpenean./
Maite Larburu, liburuaren aurkezpenean.

Maite Larburuk 'Hezurren azpian' bakarkako lana aurkeztuko du martxoaren 28an Azkuna Zentroan, Loraldia Festibalearen baitan

Olatz Hernández
OLATZ HERNÁNDEZ

Maite Larbururen disko bat entzutea esperientzia bat da beti, ezustez beterikoa gainera. Hala gertatzen da ere bere lehenengo bakarkako lanarekin, 'Hezurren azpian' izenekoa eta Gaztelupeko Hotsak disketxeak argitaratua. Etiketarik gabeko sorkuntza honetan, Larburuk iraganeko kanten esentzia mantentzen du. Diskoa hamaika abestiez osatuta dago eta, haietan, abeslariaren ahotza, biolinaz, gitarraz, klarineteaz eta perkusiozko instrumentuez lagunduta dator. Bere musikaz zuzenean gozatzeko aukera laster iritsiko da. Izan ere, martxoaren 28an Azkuna Zentroan eskainiko du kontzertua, Loraldia Festibalaren programazioaren baitan.

Maite Larburu duela sei urte egin zen ezaguna, 'Neighbour' taldearekin. «Disko honek galdera askori erantzuna emateko balio izan dit. Distantzia konstante bat izan da nire bizitzan, eta, azkenean, konturatu naiz distantzia hori gure barnean dagoela. Gure sinesmen edo aurreiritziek besteengandik urruntzen gaituzte», dio Larburuk.

Horrela sortu dira, esaterako, '2daia1' kanta eta diskoari izena ematen dion abestia. Harkaitz Cano idazleak bi kanturen hitzak sortu ditu eta halaxe azaltzen du Maite Larbururen estiloa: «Sendabelar bat kantu egina. Kantu-kontalari eta ipuin -kantalari bat». «Oso polita izan da Harkaitzen hitzak soinuz janztea», aitortu du musikariak.

Atmosfera hipnotikoa

Lan honen barruan badira abesti aipagarri asko: 'Gona' kantak, adibidez, bestearen lekuan jartzeari egiten dio erreferentzia eta bideoklipa Txintxura Films-ek grabatu du. «Esentzia ulertu eta artelan txiki bat egin dute», dio Larburuk. Ibaia ere ageri da diskoan. «Asko maite dudan elementua da. Musikarekin gertatzen den bezala etengabe mugimenduan dago».

Disko berri honek 'Neighbour' taldearen soinua ekartzen du gogora, baina zenbait desberdintasunekin. Kanta guztiak euskaraz dira, «etxera itzultzearen seinale moduan», eta sorpen prozesuari buruz hurrengoa esaten du artistak: «Oso era intuitiboan sortu dira kantak, batzutan bost edo sei lantzen ibili naiz batera. Errenazimenduko maisuen modura lan egiten dut, hitzari dagokion jantzia jartzen».

Egiturarik gabeko abestiak dirudite, non Larbururen ahotsa jolasean dabil melodia eta instrumentu desberdinekin, atmosfera hipnotiko bat sortuz. 'Hezurren azpian' laukote formatuan aurkeztuko dute eszenatokietan eta jada zenbait kontzerturen datak ezagutzera eman dituzte. Martxoaren 22an, esaterako, Bergarako Seminarixoan arituko dira. Hurrengo astean, martxoaren 28an, Azkuna Zentroan izango dira, Loraldia Festibalaren barruan. Horren ondoren, beste hiru kontzertu emango dituzte: apirilaren 11n Hernanin, maiatzaren 23an Iruñean eta 30ean Gasteizen. Ez ezazu pentsa eta anima zaitez bolo hauetaz gozatzera.

Temas

Euskera