https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errekorra Gasteizko autobus-geltokian, 2017an 2.797.723 bidaiarik erabili baitzuten

Aurreko ekitaldiaren aldean, % 3 hazi da erabilera, eta operazio kopurua ere handitu egin da

SERGIO EGUÍA

Euskaltzaindiaren plazako autobus-geltokiak 2.797.723 bidaiari erregistratu zituen 2017n, hau da, geltoki horretan nahiz Herrandarren kalekoan inoiz lortutako kopururik handiena. Aurreko urtean, 2016an, 2.715.068 pertsonak erabili zuten Gasteizko autobus-geltokia. Beraz, bi urteen arteko aldea % 3,04 izan da. Nabarmen hazi da zerbitzu turistikoen bidaiarien kopurua, % 86,79, 17.037 erabileratatik 31.823ra igaro baita. Orotara egindako operazioen kopurua ere % 0,77 hazi da.

“Autobus-geltokiaren urte amaierako balantzea oso positiboa da, Gasteizko garraio-eredu iraunkorrarentzat gakoa den azpiegitura horren erabilerak handitzen jarraitzen duelako. Operazio turistikoen hazkundean, handizkako bidaia-agentziek ez ezik, beste bidaia batzuk erakarri izanak eragin du, hala nola udalekuetakoak eta Deportivo Alavések Madrilen jokatutako Errege Kopa“, azaldu du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Erabilera intentsitateari dagokionez, larunbat, igande eta jaiegunetan iaz baino bidaiari gehiago ibili dela aipatu beharra dago. Dena dela, oraindik alde handia dago lanegunetako eta asteburuetako kopuruen artean. Astelehenetik ostegunera, eguneko batez besteko kopurua 8.176 da. Ostiraletan, 9.333ra iristen da. Larunbatetan, 5.253 bidaiari izaten dira. Eta igandeetan, 4.700.

Distantziari dagokionez, 2017an egindako bidaia gehienak (92.803) 50 eta 100 km artekoak izan ziren. Ondoren, 100 km-tik gorako ibilbideak datoz: 52.706. Hirugarren lekuan 20 eta 50 km artekoak daude (35.496); 20 km-tik beherakoak, azkenik, 4.586 izan dira.

Nabarmentzekoa da, halaber, aparkalekuaren erabileraren hazkunde handia, AUOaren aparkalekuak obretan daudenez doakoa baita. Horren eraginez, % 51,30 hazi da azpiegitura hori 2017an erabili duten ibilgailuen kopurua. Zehazki, 44.238 pertsonak erabili dute aparkalekua; 2016an, berriz, 29.238k. Diru-sarrerak jaitsi egin dira, jakina.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos