https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Errazagoa egiten zaigu ezkortasunetik kantatzea»

Autoekoizpenaren bidea erabiliz, Azalera taldeak bere lehen lana kaleratu du. /E.C.
Autoekoizpenaren bidea erabiliz, Azalera taldeak bere lehen lana kaleratu du. / E.C.

Azalera Rock taldea Kalean da izen bereko laukote bizkaitarraren lehen diskoa

IRAITZ URKULO

Ondarroako eta Ziortza-Bolibarko lau lagunek osatzen dute Azalera. Rock-erritmo sendoekin eta aldarrikapenez jositako letra landuekin bete dute beren disko homonimoa, taldearen ibilbideko lehena. Autoekoizpenaren bidetik jo dute proiektua argitara emateko; izan ere, beraiek abiaturiko crowdfunding-kanpainan parte hartu zuten jarraitzaileen babesari esker grabatu ahal izan dituzte bertako zortzi abestiak.

-Nortzuk zarete Azalera taldeko kideok? Eta zein da zuetako bakoitzaren egitekoa?

-Lorea Zulaika Arriaga, ahotsa; Urki Gojenola Ibarloza, bateria; Beñat Bidegain Lekue, gitarra, eta Jon Lasarte Mujika, baxua. Funtzio horiez gain, beste lan asko ere egiten ditugu; izan ere, lehen disko hau autoekoitzia izan da, eta gu geu arduratzen gara taldearen kudeaketaz.

-Zuena ez da hutsetik sortutako taldea. Lehenago beste musika-proiektu batzuetan arituak zineten.

-Guztiok ibili gara gaztetatik musikaren mundutik gertu, estilo zein formatu desberdinetan. Taldea bera ere pixkanaka osatzen joan zen eta 2017an elkartu ginen guztiok. Hasieratik, kantak sortu, diskoa atera eta kontzertuak egiteko helburu argiarekin elkartu ginen.

-Crowdfunding-kanpaina arrakastatsu bati esker kaleratu duzue zuen lehen diskoa.

-Estudiora joateak eta marketin-kanpaina egiteak kostu ekonomiko handia du, eta hori finantzatzeko kontzertuak eman ohi dira, baina, bestalde, kontzertuak emateko beharrezkoa da zure musika ezagutarazteko kanpaina landu bat eta aurkeztu ahal izateko diskoa izatea… sorgin-gurpila da. Horrexegatik, izugarrizko bultzada da crowdfunding-kanpaina. Gainera, finantzatzaileak jarraitzaileak ere badirenez, babes ekonomikoaz gain, proiektuari berari babesa ematen diote.

-Rock esperimentala egiten duzue. Zertan hauteman daiteke hori diskoan?

-Bateriaren erritmo dantzagarriagoak edo ez hain rockeroak gitarra pisutsuekin nahasi ditugu. Tempoaren aldaketak daude 'Engainuen Mugan' abestian, eta pasarte erritmikoak 'Kruzigramak' izenekoan. 'Higatzen' abestian, aldiz, bada apurketa edo crescendo argi bat. 'Igaro' kantan, azkenik, koruen zatia joera esperimentalari dagokio erabat.

-Diskoko abesti guztiak zuek konposatu dituzue. Nolakoa izan da prozesua?

-Konposizio-prozesua luzea izan da, kanta bakoitzarekin hiru hilabete inguru aritu gara lanean, gutxi gorabehera. Hasieran, Loreak edo Beñatek ahots eta gitarraz sortu zituzten abestiak, eta, ondoren, lokalean baxua eta bateria gehitu genizkien. Diskoa sortzeko, elkarlana ezinbestekoa izan da, eta horrek musikari eta pertsona gisa elkar hobeto ezagutzea ekarri digu.

-«Bada askatasuna deituriko kartzela bat: Europa»... Abestien letretan modu dotorean adierazten duzue egungo gizarte sistemarekiko desadostasuna.

-Esaldia Eduardo Galeanoren ipuin batetik hartua da, ostean 'Europa' geuk gehitu badiogu ere. Hain justu, abesti hori Grezian dauden milaka errefuxiatuei eskainia da. Eta, behin Europara iritsita, hauek bizi duten xenofobiaren eta bazterketaren salaketa ere bada. Abesti batzuetan asmatu dugu letrarekin, beste batzuetan agian mezua ez da hain argi ulertzen, baina interpretaziorako tartea dago horrela.

-Ikuspegia nahiko ezkorra izanagatik, ez nuke esango mezua guztiz iluna denik. Aitzitik, abesti guztietan igartzen da itxaropenerako tartea.

-Errazagoa egiten zaigu ezkortasunetik kantatzea, badaudelako ezkorrak izateko arrazoiak. Dena den, ez genuen guztiz katastrofikoak diren mezuak bidali nahi, muinean aldaketa baten beharrari kantatutako diskoa da hauxe; 'Harrapatuak' abestiak dioen bezala, 'noiz eman behar dugu sumendi honen paretetan behar den kolpea, kanpora atera'. Abesti gehienen aldarrikapena soziala da, eta gutxi batzuena, aldiz, pertsonala.

Estetika

-Diskoaren azalean harea erloju bat agertzen da, eremu huts batean erdi lurperatuta.

-Beñat Etxaburuk diseinatu du diskoaren maketazio osoa. 'Hare Ale' abestian ageri den elementua da harea erlojua; azalean hautsita ageri da, harea galtzen. Denboraren diktadura eta gizarte estresatu honekin hautsi beharraren metafora da. Gainera, estetikoki oso irudi ederra iruditu zitzaigun lehen unetik bertatik, ez genuen zalantzarik izan.

-'Hare ale' abestiak bideoklipa ere badu.

-Bai, diskoaren maketazioa zein bideoklipa gure inguruan ditugun artista gazteek sortuak dira. Lagunartean egin genuen bideoklipa. Asier Riverak zuzendu, grabatu eta editatu zuen, Eneko Elezgarairen laguntzaz, eta Nerea Iglesias da bertan ageri den antzezlea. Hainbat tokitan grabatu genuen: Portuko Ranpan, Saturraran hondartzan eta Larraskanda baserrian, besteak beste. Gaur egun, ikus-entzunezko formatua da edozein eduki zabaltzeko modu eraginkorrena. Gainera, estetika bat sortzeko eta musikan edota letretan ez dagoen edo hain nabarmenak ez diren ideiak adierazteko aukera ematen du.

-Hasierako asmoa Euskal Herrian barrena kontzertuak ematea eta zuen musika ezagutaraztea zen. Helburua bete duzue?

-Bai, gutxi gorabehera. Udan zehar, hamaika kontzertu inguru jo genituen. Dena den, ez gara oraindik herri eta hiri askotara iritsi. Baina oraintxe hasi gara eta oraingoz gustura gaude izandako harrerarekin; pixkanaka iritsiko gara leku gehiagotara.

-Zein izan da hasi berri duzuen bide honen unerik politena?

-Bideoklipa grabatzea esperientzia polita izan zen, inoiz egin gabeko zerbait baitzen. Bestalde, Ondarroako Etxelilak bost urte egin ditu aurten. Uxue Alberdik sortu du letra eta herriko zenbait emakume musikarik ere parte hartu dute: Goretti Serrano, Nerea Larrinaga eta Alba Idoiagabeitia. 'Etxelila' abestiaren grabaketan oso une bereziak bizi izan genituen, kolaborazioek kantua nola elikatu zuten ikustea ederra izan zen.

-Eta aurrerantzean, zer?

-Galdera horri erantzutea da gure hurrengo eginkizuna; bakoitzak dituen asmo pertsonalak eta taldearenak uztartzea. Konposizio-prozesu berria abiaraztea, eta datorren udara begira gure helburuak finkatzea: diskoa, kontzertuak… Orain artekotik ikasi dugu, eta aurrera egin eta hobetzeko gogoz gaude.

Temas

Euskera