Borrar
Erramun Osa, Garaiko Udaletxean. Nahikari Cayado

Erramun Osa: «Euskararik txarrena erabiltzen ez dena da»

Euskaltzaindiko kidea eta Garai udalerri bizkaitarreko alkatea da. Euskaraldian belarriprest gisa ari da, izugarri miresten dituelako gure hizkuntza ikasten ari direnak

Nahikari Cayado

Astelehena, 30 azaroa 2020

Comenta

Erramun Osak argi dauka zein den euskararen erronkarik handiena: ezagutzatik erabilerara jauzi egitea. Horretan dabil bera. Euskaltzaindiko idazkariordea da 2010etik, eta bost urte geroago, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Garai herriko alkatea ere bada (EAJ-PNV). 80ko hamarkadan helduei euskara irakasten zien Bilboko Atxuri eskolan, AEKko arduraduna izan da hamar urtez, Euskal Herriko Ikastolen konfederazioko hizkuntza arduraduna ere, eta baita Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendaria ere. «Euskarak iraun dezan ahalegindu den eta ahalegintzen ari den horietakoa naiz», aitortzen du Osak.

-Garaiko alkatea, Euskaltzaindiko idazkariordea… Hitz egidazu zutaz.

-Egia esatera, ez daukat nitaz hitz egiteko aparteko ohiturarik, dezakedana egiten dut euskararen eta nire herritarren bizi-kalitatea hobetzearen alde. Bestelako hizkuntzekin alderatuz gero, gurea hizkuntza txikia da hiztun kopuruaren aldetik, ez da hobea edo eskasagoa, baina bai gurea! Eta guri dagokigu, ez beste inori, belaunez belaun ondorengoetaratzea, garatzea eta normaltasunez erabiltzea. Eta udalerri txiki bateko alkatea ere banaiz, bai, aurrekontu eta baliabide urriak dituena, landa-eremu batean kokaturik dagoena eta gauden zinegotzi guztiok musu-truk egiten dugu ahal dugun guztia gure herri txiki honek aurrera egiten segi dezan, etorkizunik gal ez dezan.

-Noiztik zabiltza Euskaltzaindian lanean?

-Harremana lehenago banuen ere, 2003. urtean Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kide izendatu ninduten, eta 2005ean, berriz, batzorde horretako idazkari. 2010. urtearen hondarrean Akademiaren idazkariorde, eta 2013an euskaltzain urgazle ondoren. Euskararen aldeko ibilbidean kokatzen dut, besteak beste, Euskaltzaindiak aurrera egiten segi dezan dezakedana egitea.

-Betidanik egon zara euskararekin lotutako alorretan lanean?

-Hara! Helduei, bereziki, gurasoei euskara eskolak ematen hasi nintzen joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran, Bilboko Atxuri eskolan. Oso oroitzapen onak ditut, euskarak aurrera egiteko zailtasun ikaragarriak zituen sasoi haietatik, guraso haien nahia, konpromisoa, gogoa..., izugarri miresten nituen, bai eta faltan bota ere urtearen eta ikasturtearen bukaeran egiten genituen bazkari edo afari eder haiek, horixe baitzen jasotzen genuen ordain material bakarra. AEKn ibilbide luzea egin nuen, eta tartean, hamar urtez, Bizkaiko arduradun izan nintzen. Gerora, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan, besteak beste, euskararen erabilera indartzeko egitasmoen arduradun izan nintzen ere. Eusko Jaurlaritzan ere jardun nuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendari, eta, harrezkero, Euskaltzaindian.

-Nondik datorkizu hizkuntzarekiko lotura?

Egun gauzak errazago antzematen ditugu, baina iraun eta gaur arte iristeko, gure hiztun-elkarteak zailtasun handiei egin behar izan die aurre: euskarazko izenak (pertsonenak zein tokian tokikoak) urteetan debekatuta egon ziren, euskaraz hitz egitea jazarrita zegoen, herri-erakundeetatik, unibertsitateetatik eta abar euskara baztertuta zegoen. Zerbaitegatik aditzera eman zuen Koldo Mitxelenak euskararen egiazko misterioa iraupena dela, ez jatorria. Euskarak iraun dezan ahalegindu den eta ahalegintzen ari den horietakoa naiz, beste milaka eta milaka pertsonarekin batera.

-Zer da euskara zuretzat?

Lehenago adierazi dizut euskara ez dela beste hizkuntzak baino hobea edo eskasagoa, baina bai gurea. Euskara erabiliz adierazten ditut nire pentsamenduak, sentimenduak, gogoak eta desirak. Euskarak jartzen nau munduko hizkuntzen plazan, modu bereizgarrian, eta, aldi berean, bateragarrian, hizkuntza eta kultura nagusien morroi izan gabe.

-Zein egoeratan dagoela uste duzu?

-Mendizale baten irudia aipatuko dizut. Nekeak, ezintasunak edo presak kateatzen gaituenean komeni da egin dugun bideari erreparatzea. Izugarri aurreratu dugu, eta mirariak existitzen badira, gure hizkuntzarena da horietakoa, munduan urtero desagertzen baita hizkuntzaren bat. Eredu bateratua daukagu, duela gutxi, berrogeita hamar urte ez besterik, egin dituena. Gaztelaniak, esaterako, ehunka urte behar izan ditu horretara iristeko. Gure hiztun-elkartea gaztetu da, euskara aspaldi galdutako eremuetara itzultzen ari da eta abar. Bizkaiko hiriburua, euskara zaharrean Bilbao izenarekin ezagutzen duguna, ari da euskaraz gero eta gehiago blaitzen, behinola Gabriel Aresti poeta bilbotarrak aurresan moduan. Hazkunde baten kronika da geurea, erronka berriak planteatzen dizkiguna.

-Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?

Ezagutzatik erabilerara egin behar dugu jauzi, herri-erakundeetan, eremu sozioekonomikoan, kultura, aisialdi eta kirol jardueretan. Sasoi batean, administrazioan lan egiten zuten gehienak erdaldunak ziren, egun, guztiz bestelakoa da egoera. Euskara lan-hizkuntza bilakatzeko urrats erabakigarriak egin behar ditugu. Gero eta elebidunagoa den euskal gizarteari euskaraz zerbitzua emateko ahaleginak biderkatu behar ditugu, Osakidetzan, Ertzaintzan eta abar. Euskara gustuko dituzun gauzekin ehuntzeko ahalegina indartu behar da, bereziki, ume eta gazteei begirako askotariko jardueretan, kirolen, kulturan eta aisialdian. Euskara normaltasunez bizitzea da erronka, eta, aldi berean, desafioa.

-Euskaraldian parte hartu duzu?

Bai. Belarriprest gisa. Izugarri miresten ditut euskara bigarren hizkuntza gisa ikasten ari direnak. Entzun nahi diet, totelka bada ere. Aditzera eman nahi diet euskararik txarrena erabiltzen ez dena dela. Euskara erabiliz egin dezakegulako aurrera bakar-bakarrik. Niretzat, omentzeko eta eskertzeko modu bat da. Txapela kentzen dut ahalegin hori egiten dihardutenen aurrean eta eroso sentitzen naiz euskararen kolore desberdinak ikusten eta askotariko ahotsak entzuten ditudan bakoitzean.

-Zer iruditzen zaizu dinamika?

-Garrantzitsua, urteko egun guztietara eramaten saiatu behar genukeena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Erramun Osa: «Euskararik txarrena erabiltzen ez dena da»

Erramun Osa: «Euskararik txarrena erabiltzen ez dena da»