https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Erradiazioen arriskuen aurkako Europako araudia 2013tik betetzen da Euskadin

Euskadik 2013. urtetik betetzen du asteartean indarrean jarri zen eta pazientea erradiazioez babesteko oinarrizko segurtasun neurriak ezartzen dituen Europako araudia, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proba diagnostikoen preskripzioaren optimizazioa 2013-2016 aldirako Pazientearen Segurtasun Planaren ekintza ildo bat izan da, eta baliagarria izan da Osakidetzak 2010etik egiten dituen ekintzei bultzada handia emateko eta, era horretan, proba horien optimizazioa sustatzeko, biztanleria pediatrikoaren kasuan bereziki.

Erradiazio ionizatzailearekin egiten diren probak lehen mailako tresna diagnostikoak dira egungo laguntza ereduan. Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak, proba horien erabilerak azken urteotan gora egin duela eta proba horiek arriskua dakartela kontuan hartuta, pazienteen segurtasunerako Europako arau berrian jasota dauden neurriak garatzen eta bultzatzen dituzte, era horretan arriskua murriztu dadin, probaren onurak arriskuan jarri gabe.

Osasun Sailak eta Osakidetzak urte hauetan egindako ahaleginak proben erabileraren arrazionalizazioan oinarritu dira. Ildo horretan, preskriptoreak eta erradiologoak babes erradiologikoaren arloan sentsibilizatu dira, eta paziente bakoitzak metatuta dituen dosiei buruz beharrezkoa zen informazioa eman zaie.

Lehentasunezko plana

Osakidetzak dagoeneko txertatu du historia dosimetrikoa pazienteen historia kliniko elektronikoan, hainbat probatan emandako dosien adierazleak erregistratzeko, hala nola ordenagailu bidezko tomografia axialean edo mamografian. Erradiologia interbentzionistan kasuan, ezarpen prozesuan dago.

Halaber, erradiologoek eta erradiofisikariek hainbat probako dosiei buruzko datuak ustiatzeko sistema bat dute, eta paziente bakoitzaren dosiak egokitzeko aukera eman dezake. Aldi berean, probak justifikatzeko premiari buruzko informazio liburuxkak banatu dira profesionalen artean, pediatrian beharrezkoak ez diren azterlanak saihesteko. Ildo horretan, erradiodiagnostikoko eta medikuntza nuklearreko probetako dosien arteko aldeen berri ematen zaio mediku preskriptoreari.

Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi duenez, erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proba diagnostikoen preskripzioaren optimizazioa sustatzen jarraituko da, haurrekin zein helduekin, pazientearen segurtasuna Osasun Sailaren lehentasunezko planetako bat baita, Osakidetzaren 2017-2020 aldirako erronka eta proiektu estrategikoetan txertatua.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos