https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Erizaintzari bultzada eta ospea eman behar zaiola dio Jaurlaritzak

Gaur Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da

ELCORREO.COM

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, euskal osasun sistema publikoaren kalitateari eutsiko bazaio, «bultzada eta ospea» eman beharko zaio erizaintzaren egitekoari. Erizaintzako profesionalek egiten duten lanari euskal gizarte osoak egiten dion aitorpena adierazi du sailburuak, eta erizaintzaren egitekoa osasunaren eta erkidegoaren arreta maila guztietan indartzearen aldeko Jaurlaritzaren apustua berretsi du.

Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, maiatzaren 12an, eta Darponek, euskal gizartearen izenean, esker ona eta aitorpena adierazi nahi izan ditu erizaintzako profesionalek egunero Euskadin egiten duten lanagatik.

Nabarmendu duenez, erizaintzako profesionalen zainketak pazientearen balorazio integrala du abiapuntu: «Pazientearen osasun premiak ez ezik, premia psikologikoak eta sozialak ere hartzen ditu aintzat, baita osasunaren gizarte determinatzaileak ere». Zainketa horrek pazienteen osasun pedagogian eta ahalduntzean ere eragina du, «betiere, hurbiltasun handienetik eta artatzen dituzten pertsonen segurtasuna zainduz».

Bere iritziz, erizainek gero eta prestakuntza hobea dute eta gero eta konpromiso handiagoa dute pazienteekin eta osasun sistemarekin, «eta hori ezinbestekoa da etorkizunean ere Osakidetzak eskainitako asistentzia kalitatea bermatzeko, duela 35 urte sortu zenetik eskaintzen duen kalitateari eusteko».

Ia 8.000 profesional

Jon Darponek adierazi duenez, gaur egun erizaintzako ia 8.000 profesionalek egiten diote zerbitzu erkidegoari Osakidetzan. Arreta maila guztietan eta zenbait rolekin egiten dute zerbitzu hori: erizain jeneralistak; emaginen gisako espezialistak; osasun mentaleko edo lan osasuneko erizaintzako profesionalak; arreta programetako koordinatzaileak; zuzendaritza karguetako kudeaketa; irakaskuntza eta ikerketa; edo profesional eta espezialista berrien prestakuntza.

Ildo horretan, azken urteotan, Osasun Sailak eta Osakidetzak erizaintzan garatzen ari diren estrategia berrietarako oinarriak finkatu dituen lantaldea bultzatu dute: praktika aurreratuko erizaintzako langileak eta ospitale loturako erizaintzako profesionalak, asistentziaren jarraitutasuna ziurtatzeko funtsezko elementu diren aldetik; pazienteen kupoa eta erizaintzako profesionalaren aukeraketa lehen mailako arretan; zenbait osasun arazo artatzeko erizaintzako kontsulta; pertsona kalteberen eta adinekoen etxeko erizaintza arreta; eta erizaintzak zenbait sendagai eta produktu sanitario preskribatzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos