https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Erastop', eraso sexistak ekiditeko aplikazioa

Durangoko San Fausto jaietan abian jarri zuten app arrakastatsuak milaka deskarga izan ditu dagoeneko

IZASKUN MOYANO

Emakumeenganako erasoen kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan. Askotan entzun izan dira neska bat gauez etxera doala iraindu, jo edota bortxatu izanaren kasuak. Hauetako asko ekiditea noiz edo noiz lortu den arren, maiz biktimak heriotzarainoko erasoak jasan behar izan dituzte. Herritarrek egoera bortitz horien aurkako mobilizazioak egin, kexak adierazi edo salaketak jarri izan dituzte. Baina egoeron aurka oraindik asko dago egiteke.

Momentuz, Eudel euskal udalerrien arteko elkarteak 'Erastop' izeneko aplikazioa erabiltzeko aukera emango die herritar guztiei. App hau iaz jarri zen martxan Durangoko San Fausto jaietan eraso sexistak ekiditeko asmoz, eta oraingo honetan Bilbon abian jartzeko prest daude. Hurrengo pausoa ordea, probintzia osoko udalerrietan erabilgarri izatea da. Izan ere, «neska bat Durangon bizi daiteke, Leioan ikas dezake eta Bilbon parrandan atera daiteke», adierazi du Idoia Agorria aplikazioaren bultzatzaileak.

Aplikazioak erabiltzailea unean bertan aurkitzen den tokiko poliziarekin kontaktuan jarriko luke, eta edozein motatako erasoak ekiditeko bereziki diseinatuta dago. Arrakasta handia izan du udalerriko ordezkaritzetan, hainbat izan baitira Durangoko Udalarekin hitz egiteko gogoa piztu zaien herritarrak, hauek ere beraien mugikorretan app-a deskargatuta izan dezaten. Izan ere, dagoeneko milaka pertsonak jaitsi dute aplikazioa.

Pilar Rios Berdintasun arduradunak adierazi duen bezala «Erastop aplikazioak emakumeei indarra eman eta erasoak ekiditeko balio du. Tresna honi esker erasoren baten aurrean ez gara bakarrik sentituko». Horrez gain, egoera latz honek duen garrantziaz herritarrak jabetzen lagunduko du.

Aplikazioak hiru botoi ditu: lehendabizikoak, poliziari erabiltzailea arriskuan dagoenaren seinalea bidali eta biktima geolokalizatzeko funtzioa betetzen du. Bigarrenak, SOS Deiak- ekin kontaktuan jartzen du erabiltzailea, pairatutako erasoa salatzeko; eta hirugarrenak, erabiltzaileari etxera laguntzeko eskakizuna igortzen die gainontzeko kontaktuei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos