Eraldaketan
Paloma Rodriguez-Miñambres
Miércoles, 11 de junio 2025, 00:09
Sei istoriotako liburu honek Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Saria lortu zuen 2024an. Egileak, Itziar Otegik, euskaratu dituen beste idazleen lanez aparte, helduentzako literaturan kaleratzen duen lehen obra da. Narrazio teknika desberdinak baliatzen ditu komuneko gai bat jorratzeko: bakardadea eta bizitzak eragiten dituen aldaketak. Izan ere, bizierari buruzko ziurgabetasunak gainerakoen fokutik at uzten ditu pertsonaiak. Batek dioen bezala: «baina, ni, zein unetan galdu naiz?» (81 or.).
Kontakizunetatik interes gehien piztu didate hiruk. 'Niri ez zait gertatuko', laburrena. Bere etorkizunean konfiantza handia duen neska gazte bat azaltzen da. Zenbat eta gehiago errepikatu izenburuko esaldia, orduan eta konbentzimendu gehiago du irakurleak kontrara jazoko zaiola. Halaber, ohiko dikotomia ezartzen da: batetik, bizitzaz oraindio ezer gutxi dakiena eta, bestetik, erakartzen duen -klasikoa, hau ere- nagusiagoa den gizona, bizitzaren eskarmentuagatik amets hautsien bidea ongi ezagutzen duena.
-
'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' Itziar Otegi. Elkar. 136 or. 14 euro
'Mugak' izenekoan, barneko pentsakizunen ahots jarioak hainbat hari txirikordatzen ditu: furgoneta batean bizitza librea esperimentatu nahi duen protagonista, tirabirak familiarekin, Bidasoa ibaia zeharkatu nahian bizitza arriskuan jartzen duten migranteen bizimodu latza. Hori guztia puntuazio zeinurik gabe kontzientziaren jauziak ispilatzearren.
'Tabernetako transzendentzia'n, ostera, joku metaliterarioa proposatzen da: narratzaileak lagun bati (ezustea horretaz ipuinaren bukaeran), hika moldean, posta elektronikoen bidez bere bizitza aspertuaren berri eta, aldi berean, sortu duen kontakizun baten zertzeladak ematen dizkio. Otegik badaki nola kontatu, hizkuntza zaindua eta teknika narratiboen gaineko ezagutza oparoa -testuetan estimako idazleen aipamenak: Flannery O'Connor, Mary Oliver, Lucia Berlin- erakusten duen artean.
- Temas
- Euskera
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.