https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

21 erakundek osatuko dute Euskaltzaindiaren mendeurrenaren Ohorezko Patronatua

Euskaltzaindiako kideak, lehenadakaria... Bizkaiko Foru Aldundian./Borja Agudo
Euskaltzaindiako kideak, lehenadakaria... Bizkaiko Foru Aldundian. / Borja Agudo

«Gizarte eta instituzio sendoen bidez hurrengo 100 urteetan euskal hiztunak hedatu eta zaintzeko» beharra aldarrikatu zuten atzo

AMALIA IBARGUTXI

Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua aurkeztu du Akademiak Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan, 1918ko urtarrilean Euskararen Akademia sortzeko proposamena aurkezteko erabili zuten leku berean. Euskararen etorkizuna bermatzeko beharrezkotzat izan zuten honen sorkuntza, eta etorkizunera begira, behar bera aldarrikatu zuten atzo Bilbon elkartutako euskaltzaleek. Bertan izan ziren, besteak beste, Patronatua eratuko duten erakunde horien ordezkariak.

Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeak bertaratu ziren Foru Aldundira, baita Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak, adibidez. Jauregiko Batzarraldi Aretoko Osoko bilkura amaitu ostean egindako ekitaldian izan ziren, baita ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak euskal hiztunak zaintzeko beharra nabarmendu zuen. Izan ere, bere hitzetan, «euskaldun barik ez dago Euskaltzaindiarik. Eta guztion zeregina da hurrengo 100 urteetan euskal hiztunak hedatu eta zaintzea. Beraz, bidea egiten eta atontzen jarraitu beharra daukagu«. Horretarako, «gizarte eta instituzio sendo» batzuen beharra aldarrikatu zuen.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bestalde, «Euskal Herrian izan diren errealitate berriei» aitortza egiteko beharra adierazi zuen, horretarako «euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan».

«Garai gozo zein latzetan»

Duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean ekin zioten konpromisoa berretsi zuten Urrutiak, «garai gozo zein latzetan, nola Iker hala Jagon sailetan, euskararen inguruko ikerkuntza linguistikoari eta gizarte erabileraren arlo desberdinei adi-adi egotekoa», direla berauek «euskararen estandar linguistikoen formulatzea, direla ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo bertsolaritza, literatura sorkuntza edo itzulpengintza».

Ohorezko Patronatua osatzen duten erakundeen zerrenda osatu dute Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak, Espainiako Gobernuak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel), Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioak (NUKF), Baionako Herriko Etxeak, Bilboko Udalak, Donibane Garaziko Herriko Etxeak, Donostiako Udalak, Gasteizko Udalak, Iruñeko Udalak, Mauleko Herriko Etxeak, Galiziako Errege Akademiak, Ikerketa Katalanen Institutuak (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiak.

Temas

Euskera