https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Erakunde zibila

Kuadrilla batzuk, Aste Nagusian./Luis Ángel Gómez
Kuadrilla batzuk, Aste Nagusian. / Luis Ángel Gómez
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Oso mikrokosmos bitxiak dira gure kuadrillak: alaiak, zaratatsuak eta dinamikoak. Kuadrillak oreka orokorra bermatzen du, baina ez oreka indibiduala, hori ez da bere funtzioa. Hau da: bi kideren arteko ika-mika batean, taldeak beste leku batera begiratuko du, ez da sartuko. Baina kideren batek, edozein arrazoirengatik, deserosotasuna erakusten badu, taldearen giro ederrari kalte eginez, taldeak txartela gorria erakutsiko dio. Kuadrillan kezkak, penak eta abar ez dute prestigio handirik; taldea batzen bada, pote batzuk lasaitasunez hartzeko da, ez beste ezertarako. Hala eta guztiz ere, futbola, telebista eta politikari buruz hitz egin daiteke; hori bai, komenigarria da jakitea zein den kuadrillaren ildo editoriala ez hankarik sartzeko. Eta ildo hori zein da? Talde horiek ez dute egitura horizontalik, beti daude liderrak; hori dela eta, kuadrillaren ildoa eta liderren ideiak bereizezinezkoak izango dira. Horrela gauzak, ez dut esan nahi kuadrilletan ez dagoela adierazpen askatasunik. Kuadrillaren barnean, beti sortzen dira azpitaldetxoak, eta esparru horietan kuadrillaren hainbat kide kritikatu daitezke, beti atzetik, hori bai. Praktika hau, hala eta guztiz ere, oso arriskutsua da infiltratuak daudelako maiz, eta traizioak sortzen direlako.

Izan ere, kuadrillak bere zerbitzuak eskaintzen ditu; garrantzitsuena hauxe da: kuadrillaren kideak ez dira inoiz tabernaz taberna bakarrik ibiliko, eta kideen urtebetetzeetan, bazkari edo afariren bat antolatuko da. Sistema sozial honekin, oso pertsona integratuak garela erakutsiko dugu, eta bakardadearen mehatxua ere aldenduko dugu.

Salbuespenak salbuespen, diplomaziaren erresumak dira kuadrillak; beraz, oso ondo datozkigu bizitza moderno honetan. Desengainurik ez izateko, gauza bakar bat izan behar dugu argi: pertsona fisikoz osatuta badago ere, kuadrilla pertsona juridiko bat da, erakunde zibil bat. Eta bere zerbitzutik at ezin da gauza askorik espero. Foru-ogasunak, adibidez, oso ondo funtzionatzen du, baina nork espero dezake benetako maitasuna foru-ogasunetik?

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos