https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Eragile berriek ere klika egiteko», unitate didaktoa sortu du Korrikak

Abusu ikastolako ikasle eta irakasleak./Korrika.eus
Abusu ikastolako ikasle eta irakasleak. / Korrika.eus

Euskaltegietan eta eskoletan Korrikaren berri emateko, online daude eskuragarri eduki guztiak, Korrikaren webgunean bertan

AMALIA IBARGUTXI

Korrikaren inguruan ikasgeletan hitz egin eta adin guztietako ikasleak klika egitera animatzeko, ekimena lantzeko unitate didaktikoa sortu dute AEK eta Ikastolen Elkarteak. Batetik, euskaltegietan lantzeko materiala dago, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetarako; eta bestetik, eskoletan jorratzekoa, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zein Batxilergoan. Edukien aurkezpenean, unitatearen erakustaldi laburra egin zuten ostiralean Bilboko Abusu ikastolako ikasleek.

Apirilean irtengo da Korrika kalera, baina lehenago ere ekingo diote askok. Online daude eskuragarri eduki guztiak, Korrikaren webgunean bertan. Osorik 'online' lantzeko lehen aukera da aurtengoa, nahiz eta paperean deskargatzeko moduan ere ipini duten webgunean. AEK eta Ikastolen Elkartearen artean «elkarlan naturala» izan dela adierazi du Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak.

Azaldu duenez, «dagoeneko Klika egin dugunon auzolana sustatzen ari gara, baina batez ere, Klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak». Haur eta gazteek ere Klika egitea espero dute. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak dira, jakinarazi dutenez.

Bestalde, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak adierazi du balio handia eman nahi izan diotela euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari, bere hitzetan, «bakarka baino samurrago, eraginkorrago, egin dezakegulako gure egitekoa elkarrekin».

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman ditu unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman du: QR kode bidez, Korrika amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta.