https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EraBatera talde sortu berriko kideek Bilbon aurkeztuko dute lan berria

EraBatera taldea./
EraBatera taldea.

Gaizka Salazarrek, Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballerok, Ken Zazpiko Beñat Sernak eta Willis Drummondeko Jurgi Ekizak osatu dute taldea, eta azaroan zehar egingo dituzte emanaldiak

AMALIA IBARGUTXI

EraBatera «ia nahi gabe» sorturiko taldea da. Hala deskribatzen dute proiektua sortzaile eta partaideek. Azaltzen dute, baita ere, «talde izaera eduki arren», Gaizka Salazar dela proiektuko bultzatzaile nagusia.«Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, kantu zirriborroak pilatzen» joan da Salazar azken urteotan, eta halaxe, bost kontzertutako datak jakinarazi dituzte, Euskal Herriko zenbait hiriburuetan.

Azaroan egingo dituzte emanaldiak. Hilaren 8an, Bilbon, Kafe Antzokian, izango da lehena. Hurrengo egunean, Donostiako Dokan. Hilaren 10ean, Iruñeko Indara aretoan izango dira, eta 29an, Gasteizko Jimmy Jazzen. Azkenik, Baionako Le Magneto-n egingo dute kontzertua hilaren 30ean.

Autoekoiztutako lana da EraBaterarena. Lehenengo, etxean eta berak bakarrik landu zituen Salazarrek zituen ideiak, estudio batean grabatzeko unea iritsi zela sentitu arte. Orduan hasi zen abestien maketak musikari lagun batzuei erakusten, eta horren ondorioz, Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza gehitu zitzaizkion taldera; baxua, gitarrak eta ahotsen ardura dituztenak, hurrenez hurren.

Lauren artean landu dituzte kantuak, bakoitzak bere ekarpenak eginez, eta gero Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabatu dituzte. Emaitza osorik irailean zehar emango badute ere ezagutzera, 'Antipodetan' izeneko lehen aurrerapena kaleratu dute jada.

Guztira bederatzi kantu izango ditu diskoak: 'Antipodetan', 'Aurrez aurre', 'Egun berria', 'Oinak', 'Eztanda', 'Paktua', 'Isilean', 'Piztia destripatu' eta 'Lehengo moduan' deiturikoak.

Temas

Euskera