https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Enpresarean.eus, euskal profesionalei eta enpresei zuzenduriko webgunea, berritu dute

Enpresarean TB da berrikuntza nabariena webgune berrituan./
Enpresarean TB da berrikuntza nabariena webgune berrituan.

Orain dela egun batzuk aurkeztutako webgunea Enpresarean proiektuaren zutabe moduan aurkezten da, eduki interesgarria modu irekian partekatzeko erakusleiho gisa

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Bai Euskarari Elkarteak orain dela egun batzuk aurkeztu zuen Enpresarean.eus, euskal profesionalei eta enpresei zuzendutako webgune berritua. 2012an martxan jarritako Enpresarean proiektuaren helburu nagusia da euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana bultzatzea, eta webgune berrituarekin haien artean baliabideak, esperientziak edo jakintzak partekatuko dira, elkarlana errazteko eta negozio-ideiak sustatzeko ere bai.

Webgunea Enpresarean proiektuaren zutabe moduan aurkezten da, eduki interesgarria modu irekian partekatzeko erakusleiho gisa. Profesionalek eta enpresek funtzionalitate hauek dituzte gailu ezberdinetan erabili ahal izateko: , agenda profesionala, formaziorako aukerak, enpresa munduko berriak eta sareko parte izateagatik aukera bereziak.

Enpresarean TB da berrikuntza nabariena webgune berrituan, Bai Euskarari Elkarteak martxan jarritako telebista berezia. Atal honek ikus-entzunezko biltegi bat ere izango du eta, bertan, Enpresarean proiektuaren markoan garaturiko ekitaldi guztiak (enpresa azoka, foro, hitzaldi, ikastaro...) egongo dira ikusgai. Gainera, datozen ekitaldien berri emango du, agendan jaso eta zuzenean izena emateko aukera izateko.

Ekitaldien formatuari dagokionez, pauso bat aurrera eman eta, ekitaldi presentzialak ez ezik, ikastaro, hitzaldi eta foro digitalak ere eskainiko dira, Enpresa ezberdinen etxeetatik, mundu osora. Nahi duenak zuzen-zuzenean ikusi ahal izango du eta, bestela, ondoren ere, saioa Enpresarean TB ataletik zabalduko da. Izan ere, helburua da euskal profesionalek eta enpresek, euskarazko eduki profesionalak, nahi dutenean izatea, nahi duten lekutik, nahi duten unean.

Agenda profesionala

Ekitaldi guztiak, digitalak edo-eta presentzialak, profesionalei egokituriko agenda batean jasoko dira. Hori horrela izanik, erabiltzaileek hilero ekitaldi interesgarriak egutegian gorde eta enpresa sareko harremanak areagotzeko aukera izango dute. Aipagarria da, era berean, agenda horretan ez direla soilik Enpresarean proiektuko ekimenak zabalduko; sareko profesionalek euren proposamenak argitaratu eta partekatu ahal izango baitituzte.

Arduradunek gogorarazi dutenez, helburua da, euskaratik eta elkarlanetik agenda profesional bat sortzea, euskal enpresen eta profesionalen arteko sarea ehundu eta hartu-emana sustatzeko.

Nola sartu profesionalen komunitatean?

Webgune berriak blog-a mantendu du, non sareko parte-hartzaile guztiek eduki interesgarriak modu irekian partekatzeko aukera izango duten. Bertan jasoko dira hainbat gairen inguruko albisteak, esate baterako: euskara eta enpresa, enpresarean azoka, enpresarean foroa, ekonomia, hitzaldi bereziak, ikastaroak, etab.

Hortaz aparte, jakin ezazue profesionalen komunitatean sartzea oso erraza dela. Webgunearen bidez egin behar da izen-ematea, profesional edo-eta enpresa bezala. Eta hori egindakoan, erabiltzaileak sareko profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango du, bai eta ideiak, iruzkinak, iritziak, eskakizunak... partekatzeko ere. Gainera, aurretik esan bezala, ekitaldi bereziak agenda profesionalean sartzeko eta blogean berri interesgarriak argitaratzeko aukera izango du, bai eta webgunearen bitartez saio formatiboak edo hitzaldiak eskaintzeko aukera ere.

Enpresarean.eus martxan jarri berri, dagoeneko iragarri du bere lehenengo zuzenekoa. Arteman Komunikazioa kooperatibako zuzendaria den Gorka Etxabek marka eta talentuaren erakartzearen inguruko hitzaldia eskainiko du martxoaren 2an, zuzen-zuzenean, enpresaresarean.eus webgunean bertan. Ez dago aurretik izena eman beharrik, interesa duenak egunean bertan webgunean sartuta ikusi ahal izango du saioa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos