Enkarzine jaialdira lanak bidaltzeko azken egunetan murgilduta
Zinema bizkaitar amateurraren 43. edizioa azaroan ospatuko da, eta abuztuaren 25era arte zabalik dago deialdia
Zurekin
Martes, 20 de agosto 2024
43. Enkarzine jaialdira lanak bidaltzeko azken egunetan murgilduta gaude. 1979an, Zallan sortutako lehen zinema amateurraren kideek osatutako Urria taldean du oinarri lehiaketak. 1980an Urria taldeak lehenengo 'Muestra de Cine Amateur en Super 8' antolatu zuen, eta hiru urteren ostean, mostra hutsa zena, lehiaketa ere bilakatu zuten 1984an. Bizkaiko Foru Aldundia eta 'Asociación Cultural de las Encartaciones' izan ziren aldaketa horren sustatzaileak, eta urtero Enkarterriko herri batean egitea erabaki zuten. Hiru urtez eutsi zioten herri aldaketa horri, 1987an, URRIA taldeak ardura berreskuratu zuenean, Zallan finkatu zuten arte. Gaur egun, oraindik, Zallan ospatzen dira emanaldiak zein sari-banaketa ekitaldia.
Publicidad
Etxekoek etxekoentzat prestatzen duten lehiaketa izaera izanagatik, azken urteetan garrantzi handia irabazi duen hitzordua da Bizkaia zein Euskal Herri osoko zinemagile amateurrentzat. 43. edizioa izango da aurtengoa, eta «zuzendari ez-profesionalak edota industria zinematografikoan ospetsuak ez diren zinegile ez-profesionalak» gonbidatu dituzte beren lanak aurkeztera.
Ez dago oinarri espezifikorik. Film laburrak izan behar dute, gehienez ere 30 minutukoak, baina askatasun osoa dago gaia, hizkuntza, generoa edo formatuari dagokionez. Parte-hartzaile bakoitzak, gainera, nahi beste film aurkezteko aukera izango du; betiere, lehenago aurkeztu ez baditu. Euskara eta gaztelera izango dira lehiaketaren hizkuntza nagusiak, beraz, hirugarren hizkuntza batean errodatutako lana izanez gero, azpitituluak eduki beharko ditu.
Horrela, datorren abuztuaren 25era bitartean aurkez daitezke proposamenak, eta horiek bidaltzeko bi bide zabaldu dituzte: batetik, Clickforfestivals web orrialderen bidez.eta bestetik, ediziorako propio sortu duten inskripzio-orriaren bidez; laburmetraia VIMEOn ikusteko eta deskargatzeko lotura eta pasahitza barne betez.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión