https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Enkargua

Enkargua
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Tortilla pintxo bat eta ongi prestatutako kafe bero bat bake santuan dastatzen ari nintzela gertatu zitzaidan. Barra berean metro gutxitara neukan gorbata gorridun tipo hura urduri samar nireganatu zen. Jarraian, nire bizitza osoan entzungo nuen diskurtsorik surrealistena bota zidan:

- Aizu, txantxetan nagoela pentsatuko duzu, edo agian burutik sano ez nagoela, baina esango dizudana guztiz egiazkoa da, goitik behera: noan harira. Etorkizunetik nator, oso etorkizun urrun batetik. Nire ohiko itxura ez da ikusten duzun hau, moldatu egin izan behar dut zure garaiko erara. Ez daukat aztirik, esan behar dizudana garrantzi handikoa da eta di-da batean azaldu behar dizut; ongi entzun mesedez, tipo hau desagerrarazi behar da...

Horrelaxe bota zidan. Munduko gairik arruntena izango bailitzan. Mostradore gainean gazte baten argazkia utzi zuen, bere hitz-jario eroari berriro ekiteko:

- «Ezin duzu imajinatu ere egin zer motatako mundutik natorren. Giza eskubideak, askatasuna, pribatutasuna... den-dena desagertuko da diktadura baten menpe. Argazkiko morroia ez da oraintxe batere ezaguna, baina haren ibilbidea garaiz eteteko guztiz ezinbestekoa da garbitzea, egiatan. Munduaren etorkizuna zure eskuetan dago; zu zara gure itxaropen bakarra. Erretratuaren atzeko aldean haren helbidea aurkituko duzu...».

Baina, zer demontre zen hori? Trufa ziztrin bat? Iruzur berriren bat? Ezkutuko kamera erabilita egiten diren programa horietako bat?

- «Hanka egin behar dut» -jarraitu zuen- «dagoeneko ni harrapatu nahian ibiliko dira... Badakit eskatu dizudana ez dela batere normala, ezta erraza ere, barkatu eragozpenak, baina kasu egin behar didazu; etorkizuna zure eskuetan dago, tipo hori hil behar da guztion onerako... sinistu behar didazu... egingo al duzu?».

Merezi al zuen, benetan, zerbait erantzutea? Argi zegoen nik ez nuela inor hilko, are eta gutxiago zerutik eroritako tipo batek eskatzeagatik.

- «Sentitzen dut» -asmatu nuen esaten- «baina nik ez dut inor hilko. Are eta gutxiago tipo ezezagun bat. Hain seguru bazaude zergatik ez duzu zuk hiltzen?».

- «Banekien horrelako zerbait erantzungo zenidala, baina luzeegia izango litzateke behar den moduan azaltzea. Honako hau bakarrik esango dizut: aukeratua izan zara zu zarelako egokiena lan hau ongi biribiltzeko. Zure ardura da, ez ezazu zalantza egin. Zure ardura da».

- «Eta zergatik ni?».

- «Gauza pila bat jakin dugu zutaz. Besteak beste, zu ere giza eskubideen aldeko militantea zarela. Nolabait zu ere erresistentzian zaude. Munduak infernuko bidea hartu du eta zuk saihestu dezakezu. Banoa, zorte on...».

Eta horrela, agertu zen bezalaxe, desagertu zen bera. Ez dizuet ukatuko, egonezin galanta utzi zidan gorputzean, are eta gehiago tabernako zerbitzariarekin hitz egin ostean:

- «Buf, hamaika ikusteko jaioak gara... ikusi al duzu nirekin zegoen morroi hori?».

- «Zurekin? Ez, ez dut inongo morroirik ikusi. Entzun dut hizketan ari zinela, baina uste nuen smartphone moderno horietako bat erabiltzen ari zinela...».

Harridurak jota argazkia erakutsi nion.

- «Ezagutzen al duzu tipo hau?».

- «Bai horixe. Zer egiten duzu zuk nire ilobaren argazki batekin? Oso mutil azkarra da, Politika Zientzia ikasten ari da eta nota bikainak ateratzen ditu...».

Norbaitek esan zidan eta kasu egin behar nion. Ohera joan aurretik piper gorriak jatea ez da batere gomendagarria.

Temas

Euskera