https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Enemy Inside eta Left4ever taldeen kontzertua izango da gaur, Gasteizen

Enemy inside taldea./
Enemy inside taldea.

Bi rock-metal taldeen kontzertua Urban Rock Concept aretoan izango da

PAUL PICADO

Rocka edota metala gustukoa baduzu, horretaz gozatzeko aukera izango duzu gaur, izan ere, Enemy Inside eta Left4ever taldeen kontzertua izango da Gasteizko Urban Rock Concept aretoan. Kontzertua 20:30ean hasi, eta gutxi gorabehera 23:30ean amaituko da. Sarrerak aldez aurretik erosi nahi izanez gero, hemen egin daiteke, 13,20 euroan; leihatilan bertan, berriz, 15 euro ordaindu beharko dira.

Enemy Inside dark rocka eta metal modernoa bateratzen dituen talde alemana da. 2017. urtean sortu zen, baina taldea osatzen duten bi kideak beste talde batzuetan egonak dira. Evan K gitarra-jotzailea, esaterako, Mystic Prophecy, Exit Eden eta Cypecore taldeetan egon zen. Taldearen musikan gitarra riff gogorrak eta ahots melodikoak nagusi dira. Iaz, irailean, bere lehen bilduma kaleratu zuen, 'Phoenix' izenekoa, eta maiatzean bira ematen ari da Estatutik. Lehen aldia da Espainiara etortzen dela, beraz, ez ezazue aukera galdu.

Bestalde, Left4ever Madrilgo metal alternatiboko taldea da. 2013. urtean sortu zen eta 2015ean estudioko lehen lana kaleratu zuen, 'Nemesis' izenekoa. Lan honetan rocka eta metala bateratu zituen. 2017. urtean, 'Miedo' izeneko EPa grabatu zuten, Estatutik bira bat egiteko helburuarekin. Horrela, besteak beste Madril, Castelló, Santander, Vigo, Coruña, Murtzia eta Sevillatik ibili ziren kontzertuak ematen. Horrez gain, Estatuko eta nazioarteko zenbait jaialditan ere parte hartu zuten, hala nola Madrilgo Woman Metal Fest (Festimad jaialdiaren barruan) edo Turingo Metal Queen's Burning Night jaialdietan. 2018. urtean amaieran bigarren lana plazaratu zuen, «Resurgir» izenekoa, eta horren aurkezpena egingo du Gasteizen.