https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eneko Sagardoy: «Ahotsenea niretzat harri bitxi bat da»

Eneko Sagardoy./
Eneko Sagardoy.

Aktore durangarra ezin izango da aurten Landako Gunera gerturatu, Valentzian egongo baita 'Freda' antzezlana jokatzen

NAHIKARI CAYADO

Eneko Sagardoy durangarrak irabazi du aurten gizonezko aktore berri onenaren Goya saria. Ezin izango da 'Soinujolearen Semea' izeneko film luzearen aurre-estrainaldian Azokan egon, non bere ama, Nerea Mujika den arduradun nagusia.

-Nola definituko zenuke Azoka?

-Azoka da erakusleiho bat euskal kulturarako eta euskal arteen harremanetarako. Kulturaren diziplina guztiak elkarrekin lanean jartzen dituen plaza bat.

-Zer aldaketa nabarmenduko zenuke txikitatik oroitzen duzuna gogoan?

-Gaur egun, Durango herri osoa hartzen duen ekimen bat da, baina akordatzen naiz Azoka karpa zuri bat zenean, eta nola pasatu zen kristalezko eraikin horretara era hortik haratago.

-Zein da zure gunerik gustukoena?

-Nik asko disfrutatzen dut Gogoetaren Plazan egiten dituzten elkarrizketa luze horietan. Sortzaileen arteko kontrastea, iritzi trukaketa, galdera erantzunen tartea… asko ikasten dudan lekua da. Bestetik, Ahotsenea niretzat harri bitxi bat da. Eta, nola ez, San Agustin aretoan egiten diren ekimen handiekin ere asko gozatzen dut.

-Eta Szenatokiak, antzerkia hain eskura izateak zure zaletasunean izan du eraginik?

-Ilusio handia egin zidan nire profesioa Durangoko Azokan ikusteak. Oso polita eta naturala dela iruditzen zait musikarentzat eta literaturarentzat zen tokiak beste adierazpenei ere lekua eskaintzea. Egia esan, niri ilusio handia egin zidan, nahiz eta ni aktore profesionala nintzen garai hartarako.

-Zuk txikitatik ikasi duzu antzerkia ikastolan… garrantzitsua da antzezlanaren materia irakaskuntzan barneratzea?

-Nik uste dut oso osasuntsua dela. Antzerkiak hainbat gauzatarako balio du. Alde batetik, bakoitzak bere burua ezagutzeko eta besteekin komunikatzeko eta sentimenduak adierazteko. Bestetik, uste dut antzerkiaren profesionalekiko begirada errespetagarriago bat sustatzen dela.

-Euskal kulturak urtean zehar beste bultzadaren bat behar duela uste duzu?

-Bai. Kulturak alor guztietan behar du bultzada handia, baina bereziki euskaraz aritzen garenok. Egia da Durangoko Azokak irauten duen bost egunak urte osoan zehar salmenta gehieneko egunak izaten direla, zalantzarik gabe. Halere, dudarik ez dudana da azoka hau osagarri izan behar dela. Instituzioek eta publikoak urte osoan zehar sostengatu behar dituzte sortzaileak.

-Zer gomendatuko zenioke Azokara lehenengo aldiz datorren bati?

-Ahotseneatik pasatzea, lehenbizi, iruditzen zaidalako denbora laburrean musikaz disfrutatzeko modu bat dela. Baita Szenatokiatik ere, askotariko antzerkiak ikusteko aukera izango dutelako.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos