https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Endomondo

Nire inguruko pertsonak ikusita, guztiok mendiko arropa jantzita, benetan pentsatu nuen ezinezkoa izango zela hurrengo Joko Olinpikoen egoitza geure herrian bertan ez izatea

Mendizaleak, Pagasarrin./Borja Agudo
Mendizaleak, Pagasarrin. / Borja Agudo
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Pasa den asteburuan, Herri Kros bat antolatu zuten nire herrian. Ehunka pertsonak hartu zuten parte. Mendira nindoela ikusi nituen nik berotze-ariketak egiten. Goikogane, Kamaraka eta Ganekogortaren bidetik ere jendetza omen zebilen; eta Bilbotik Laudiora eta Laudiotik Bilbora, Pagasarri gurutzatuz, mendigoizale askorekin gurutzatu nintzen. Herrira jaitsi ginenean, terraza batean ardo zuri bat eta pintxo bana hartu genituen. Aldameneko errepidetik, txirrindulariak pasatzen ziren. Ni, momento horretan, nire inguruko pertsonak ikusita, guztiok mendiko arropa jantzita, benetan pentsatu nuen ezinezkoa izango zela hurrengo Joko Olinpikoen egoitza geure herrian bertan ez izatea. Hain da handia kiroletarako dugun zaletasuna.

Gero, nire ardo zuria dastatzen nuen bitartean, erabaki nuen geure belaunaldiak dituen zenbait joera osasuntsuagoak direla gure gurasoek zituztenak baino. Egia esan, geure belaunaldiak hobera egin du arlo batzuetan: gehiago bidaiatzen dugu, libreagoak izan gara, hizkutza gehiago hitz egiten dugu, kultura eta aisialdiaz gozatzeko aukera zabalagoak izan ditugu, eta, orokorrean, nahi izan dugunok, ikasi nahi izan dugun hori, ikasteko aukera izan dugu. Salbuespenak salbuespen, aipatu ditudanarekin adostasuna aurkituko dudalakoan nago. Baina egin dugun bide horretan, oso gauza garrantzitsuak galdu ditugu: alde batetik, xalotasuna eta etorkizun sendo bat eraikitzeko ilusioa; beste aldetik, egonkortasuna eta segurtasun ekonomikoa. Beraz, zaila da aldez aurretik jakitea zein izango den hurrengo belaunaldiek aurkituko dutena.

Itxaropen gutxi duten gizon-emakumeok izango gara, baina, hori bai, atletikoagoak.

Horiek hausnarketak egin nituenak pasa den astean, Gobernu Zentralak guretzako zeuzkan planak ezagutu baino lehen. 'Prescribe Vida Saludable' programaren barruan, eta gu nahi izanez gero, erizain batek dieta bat jarri eta ariketa fisiko egiteko plan pertsonalizatua proposatuko digu. Ondo deritzot. Indartsu izan behar dugu datozen sasoi arraroek etsiarazi ez gaitzaten. Ni, behintzat, Endomondo aplikazioa deskargatzera noa oraintxe bertan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos