Kurtso berriaren aurkezpena. Pedro Urresti

Eman izena urrian hasiko den AEKren ikasturte berrian!

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundean ikastaro presentzialekin jarraituko dute, nahiz eta egoerak hala eskatzen badu, taldean 'ingurune digitala' erabiltzeko aukera eskainiko duten

Jueves, 3 de septiembre 2020, 12:57

Oporretatik bueltan, asko dira gure buruari jarri dizkiogun erronkak. Horietako batzuk ziur beteko ditugula, eta beste batzuk bidean geratuko dira. Hala ere, zure helburua euskara ikasi edota hobetzea bada, jakin ezazu AEK-k atzo ireki zuela urrian hasiko den ikasturtean bere euskaltegietan izena emateko epea.

Publicidad

Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundean ikastaro presentzialekin jarraituko dute, nahiz eta taldean 'ingurune digitala' erabiltzeko aukera eskainiko duten. Egoerak ohiko funtzionamenduarekin jarraitzea eragotz dezakeela argi dute, eta, ondorioz, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak atzo nabarmendu zuen urteak daramatzatela online eskolak ematen, Bilboko Santutxu auzoko euskaltegian egindako ekitaldi batean. «Ikasleekin harremanak mantentzeko eta eskolak emateko plataforma bat erabiltzen dugu», dio.

Horrela, testuinguru berezia izanik ere, AEKn aurrera segituko dutela azaldu zuen «herritarrek euskaltegietan euskara ikasteko aukera izan dezaten ikasturte honetan». Gainera, Artezkaritza Kontseiluko hainbat kidek eta zenbait irakaslerekin batera egindako agerraldi horretan, ziurtatu zuen izena ematen dutenek irakasleen laguntza izango dutela, gertu-gertutik. Izan ere, AEK-k 500 irakasle ditu.

«AEKn, irakasle batek bik beste balio duela diogu, alde batetik, irakasleak gai direlako ikasleak ikas prozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala. Txanpon beraren bi aldeak dira: irakasleen esperientzia eta eskarmentua, eta, bestetik, irakasle horien pasioa eta gogoa», adierazi zuten.

Ohiko ikastaroak

Urrian hasiko den ikasturtean ohiko ikastaroekin jarraituko duten arren, prebentzio neurri guztiak hartuko direla nabarmendu zuten. Iazko ikasturtean lortutako datuak errepikatu nahi dituzte, 13.500 bat lagunek AEKrengan konfiantza izan baitzuten euskara ikasteko. «Oraindik goiz da nola joango den esateko. Aurreikuspen zehatzik ez dugu, baina jendea eskolara itzultzeko gogoz dagoela nabaritu dugu», aitortu du.

Publicidad

Hala, ondoko hauek izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak: euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak (ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak); autoikaskuntza euskaltegian; eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta; sareko ikastaroak; Foruko barnetegia, urte osoan zabalik.

«Irakasleengandik hasita, AEKn ahalegin berezia egingo dugu ikasturte berri eta berezi honetarako. Adierazi bezala, aukera bat baino gehiago dago euskara ikasteko, eta horrez gain, era bakoitzeko plana egokitu dugu, bereziki, aurrez aurreko ikastaroekin, eskolak emateko modua eta antolaketa egoera berrira egokituta. Gainera, AEKn, hilabete hauetan plan berezi bat osatu dugu, etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena topatzeko», azaldu zuten.

Publicidad

Azkenik, gogoratu dute erakunde askok dirulaguntzak ematen dituztela (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak), eta informazio hori, ikastaroena, hizkuntza agiriena etab. aek.eus webgunean eta euskaltegietan aurki daitekeela.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad