https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakumezkoen sufragioa eta mugimendu sufragisten nondik-norakoak

Emakumezkoen sufragioa eta mugimendu sufragisten nondik-norakoak
Fotolia

Zeelanda Berria eta Australia izan ziren emakumezkoen boto eskubidea onetsi zuten lehendabiziko herrialdeak

UNAI SARRIUGARTE

Sufragismoa XIX. mende amaieran nazioarteko zenbait herrialdetan sorturiko mugimendu politikoa da, emakumearen bozkatzeko eskubidea aldarrikatzen duena. Industria Iraultzak barnebiltzen zituen ondorioen artean emakumezkoen esku hartze sozial handiagoa zegoen. Garai hartan, Alemanian edota Britainia Handiaren gisako herrialde industrializatuetan emakumeen % 70a baino gehiagok soldatapeko lan bat zuten.

Nazioarteko I Gerrak aurrera egin ahala emakumezkoek ordura arte gizonezkoek soilik egiten zituzten lanak burutzen hasi ziren. Hauek gero eta indar handiagoa hartu zuten gizartean eta hauen balio sozialaz jabetzen joan ziren heinean, mugimendu sufragistak gero eta indar handiagoa hartu zuen.

Mugimendu sufragistek indar ikaragarria hartu zuten XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Estatu Batuetan eta Ingalaterran gehienbat. AEBtan Elizabeth Cady Stantonek zuzendu zituen eta botoa emateko eskubidea 1920an lortu zuten. Ingalaterran, berriz, Emmeline Pankhurstek zuzeneko ekintzetara animatu zituen jarraitzaileak. Hori zela bide, hainbat greba eta eta manifestazio burutu izan zituzten bertan. 1928an botoa emateko eskubidea lortu zutenean, amaitu egin zen sufragisten mugimendua. Historialari askok mugimendu sufragista feminismoaren aurrekaritzat jotzen du.

Zeelanda Berria eta Australia izan ziren emakumezkoen sufragioa ahalbidetu zuten lehendabiziko bi herrialdeak, 1893. eta 1902. urteetan, hurrenez hurren. Edonola ere, emakumezkoei hauteskundeetara aurkeztea debekatu egin zitzaien Zeelanda Berrian 1919. urtera arte. Australian, berriz, hauen sufragioa onestearekin batera hauteskundeetara aurkezteko eskubidea eskaini zitzaien.

Industrializazioarekin batera, emakumezkoak hainbat sektore ezberdinetan murgildu ziren: ehungintzan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta meatzaritzan besteak beste. Oraindik, emakume gutxi aritzen zen siderurgian, metalurgian, portuetan, meatzaritzan eta eraikuntzan. Edonola ere, emakumeen soldata gizonezkoena baino askoz txikiagoa izaten jarraitzen zuen.

Europako iparraldeko herrialdeetan mugimendu sufragistek ez zuten indar gehiegirik eduki. Hauexek Europako lehen herrialdeak izan ziren emakumezkoen sufragioa onesten: Finlandian (1906), Norvegian (1913) eta Danimarkan (1920). Bertako pentsamendu garatuek berez emakumearen egoera legearen aurrean gizonezkoen egoerarekin parekatzea erraztu zuelako gehienbat.

Mediterraneoko herrialdeetan ere kolektibo honek ez zuen indar handiegirik izan eta soilik alderdi txiki batzuen borroka sumatu zen. Hori dela bide, Portugal, Espainia, edota Italian emakumezkoen botoa beranduago etorri egin zen. Espainian emakumeek 1931. urtean lortu zuten bozkatzeko eskubidea, II Errepublikan murgilduta zeudenean, hain zuzen.

Temas

Euskera