https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakumezkoen lasterketa ospatuko dute estreinakoz Donostiako Klasikoan

Emakume bat, lasterketa bat egiten./Fotolia
Emakume bat, lasterketa bat egiten. / Fotolia

Abuztuaren 3an ospatuko den aurtengo edizioan 16 taldek parte hartuko dute

UNAI SARRIUGARTE

Emakumezkoen lasterketa ospatuko dute Donostiako Klasikoan lehendabiziko aldiz. Abuzuaren 3an, historian aurrenezkoz bi lasterketa egingo dira. Emakumezkoen lasterketaren ibilbidea gizonezkoenaren antzekoa izango da. Izan ere, azken kilometroetan bietan ageri dira Jaizkibel eta Murgil mendateak.

Donostiako Klasikoaren 39. edizioaren aurkezpen ekitaldia pasa den ostegunean, ekainak 20, egin zuten Donostiako udaletxean. Bertan izan ziren Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia, Julian Eraso Donostiako Klasikoaren arduraduna eta Leire Olaberria txirrindulari ohia.

Olaberria izan zen emakumezkoen lasterketaren nondik-norakoak ematearen arduraduna. 127 kilometro izango ditu frogak eta 2.693,3 metroko desnibel positiboari ekin beharko dio tropelak. Emakumezkoak goizeko hamarretan abiatuko dira eta lasterketa 13:30ak aldera amaitzea aurreikusita dago. Bertan txirrindulariek lau mendate garrantzitsu gurutzatu beharko dituzte. Jaizkibel, Arkale eta Murgil, azkenengo hau bil aldiz.

Klasikoan World Tourreko 18 taldek hartuko dute parte. Gainera, lau talde gonbidatu izango dira: Euskadi Murias, Caja Rural, Burgos BH eta Cofidis. Emakumezkoen artean oraindik ez da parte hartzaileen izenik aurreratu, Annemiek van Vleuten txirrindulari herbeheretarraren asistentzia salbu. Taldeen aurkezpenak ekitaldiaren bezperan eskainiko dira.

Bestalde, berritasun gisa, Murgil mendatea bi aldiz igoko dute, lehenengo aldian Mendizorrotzeko magalera arte igoz. Murgilgo tontorretik helmugara zazpi bat kilometro baino ez daude.

Gizonezkoek emakumezkoek baino 100 kilometro gehiago egin behar izango dituzte. Hauek 11:30etan abiatuko dira eta lasterketa 17:30ak aldera amaituko dutela estimatzen da.