Borrar

Emakumezko politikariak hizketan jarri ditu Rigoberta Menchúk

Emakume politikariak saretzeko hizketaldia antolatu dute Menchú eta Virginia Woolf Basqueskolako hainbat alkate eta zinegotziren artean

Amalia Ibargutxi

Martes, 12 de junio 2018, 23:49

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Rigoberta Menchú giza eskubideen alde egindako borrokagatik da ezaguna. Arrazakeria, pobrezia eta bereizkeriaren adar guztiak ditu etsai, eta horien aurkako lanagatik eman zioten Bakearen Nobel Saria guatemakar honi. Emakume politikariak saretzeko asmoz, hizketaldia antolatu dute bera eta Virginia Woolf Basqueskolako hainbat alkate eta zinegotziren artean, Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) 'Bilbo-2018 Berdintasuna, Aniztasuna eta Inklusioa' bilkuraren baitan.

Bileran Basqueskolako 18 emakume hautetsi izan dira. Amurrio, Burgelu, Aiala, Asteasu, Santurtzi, Bermeo, Abanto-Zierbena eta Gatikako alkateak, batetik, eta Bilbo, Getxo, Pasaia, Donostia, Errenteria, Barakaldo, Galdakao, Sondika, Sestao eta Ortuellako zinegotziak bestetik. Euren sareko helburuak azaldu dizkiote Menchúri.

Idurre Bideguren Bermeoko alkate eta Basqueskolaren ordezkariak kultura aldaketaren «beharra» azpimarratu du, eta udaletan berdintasun-politikak sendotzearen garrantzia. «Oso garrantzitsuak dira. Nahiz eta asko aurreratu dugun pentsatu, gure kulturan ez dugu berdintasunik lortu eta ez ditugu modu berean emakumezkoak zein gizonezkoak neurtzen». Hor sortzen da, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren arabera, «Basqueskolaren antzerako emakumeen ahalduntzerako estrategiak».

Hain zuzen, emakumeak gizarte ordezkaritzan izateko premia seinalatu du Bilboko Zinegotzia den Itziar Urtasunek. «Munduko herritarren erdiak izanda, erabakiak hartzeko orduan parte izan behar dugu, gizartearen ordezkaritzan dugun neurriaren arabera. Sistema politikoak emakumeak behar ditu ezinbestean eta emakumeok sistema politikoa behar dugu erabakiak hartzen diren organoetan boto-emaile, hautagai eta ordezkari gisa dagokiguna izan dezagun».

Eztabaida indartzen jarraitzeko

Basqueskola EUDELek eta Emakundek sortu zuten 2012an euskal emakume alkate eta zinegotzien bilgune zein prestakuntza gune izateko. Emakumeen interes eta beharrizanak agenda publikoan sartzeko estrategiak lantzen dituzte, eta emakumeen lidergoa eta partaidetza bultzatzen dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko 1.100 emakume hautetsiri laguntzeko, eta antzeko lana egiten duten beste erakundeekin lan egiteko «aliantzak» bilatze aldera sortu zuten.

Hain zuzen, eztabaida indartzen jarraitzeko, gaur jardunaldi bat antolatu dute Gasteizen, euskal emakume hautetsi guztiei zuzenduta. Aditu gisa Soledad Murillo bertan izango dela jakinarazi dute jada. Udal politikan denboren antolaketari buruz hartzen ari diren neurriak azaldu eta horien gainean eztabaidatuko dute. Esparru honetan egindako lanak trukatu eta erreferentzia-ereduak ateratzen saiatuko dira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios