https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

32 emakumeren arraunerako indarra

32 emakumeren arraunerako indarra

'Zergatik ez?' emakume taldeak Gipuzkoatik Bizkairako ibilbidea osatuko du lau egunean

AMALIA IBARGUTXI

Lau etapako erronkari ekiteko zorian dira 'Zergatik ez?' egitasmoko parte-hartzaileak. Gaurtik larunbatera arte, lau etapa eta 198 kilometro egingo dituzte, arraunean, 32 emakumek. Gipuzkoatik Bizkairako ibilbidea osatzea, Orio-Bilbo-Orio ibilbidea dute helburu.

Iaz ekin zioten proiektua antolatzeari, 40 urte betetzear ziren emakume talde batek zerbait berezia egiteko nahia zuelako, «ez, ordea, beti egin ohi diren tabernako festa, bidaia edo antzerakorik. Gure ingurunearekin lotura zuen zerbait egitea nahi genuen. Oriotarrak izanik, arraunarekin lotura eduki zezakeela pentsatu genuen», azaldu dute 'Zergatik ez' taldeko partaideek.

Orioko Arraun Elkartearekin hitz egin eta, elkarlanari ekin zioten, bi baldintzapean: 25 emakume biltzea eta arraunean Oriotik Bilbora joatea. 2017ko uztaila zen, arraun denboraldia. Herriko andreekin harremanetan jarri eta 43 emakumek eman zuten izena egitasmoan. Irailean abiatu zituzten entrenamenduak arraun elkarteak eta Udalak entrenatzeko eskainitako lekuan.

«Gure garapen fisikoaz arduratzen diren bost entrenatzaile ditugu bidelagun. Entrenamendu fisikoak eta teknikoak egin ditugu Imanol Arrutirekin, talde lana oinarri. Entrenamendu teknikoari dagokionez, hutsetik hasi gara. Hasieran fosoan ikasi dugu arraun teknika eta, pixkanaka-pixkanaka, ibaira eta itsasora egin dugu salto. Lehen hilabeteetan Txiki traineruarekin jardun ostean, martxotik aurrera Eusko Jaurlaritzak utzitako Tknika traineruan ibili gara», adierazi dute.

Erronkari aurre egingo dieten 35 eta 57 urte bitarteko emakumeok, gainera, seme-alabekin, familiarekin, bikotekidearekin edota lagunekin egoteko denbora murriztearen esfortzu fisiko eta mental «izugarria» azpimarratu dute.

198 kilometro

Guztira 198 kilometro eta lau etapa egingo dituzte gaurtik igandera bitarte. Eguneko 6 eta 7 ordu inguruko txandak egingo dituzte arraunean, txandak goizeko eta arratsaldeko lehen zatietan. Gaur, goizeko 07:00etan hasi dute bidaia.

Lehen etapan 52 kilometro egingo dituzte, Bermeoraino. Bihar, goizeko 07:30ean abiatuko dira Bermeotik, eta Portugaleteraino joango dira, beste 56 kilometro eginez guztira. Tartean, 12:00etan harrera egingo diete Bilboko portuan. Hirugarren etapa 64 kilometrokoa izango da, luzeena, Portugalete eta Ondarroa artekoa. Azken etapa, igandekoa, laburrena izango da, 26 kilometro ingurukoa. Ondarroan hasi eta Orion amaituko dute ibilbidea. Eguerdiko 12:30ean espero dute traineruaren iritsiera.

Bisiguaren Egunarekin bat eginez, festa handia espero da Orioko plazan. Azken egunetan tentsioa, gogoa eta ilusioa da nagusi arraunlari eta prestatzaileen artean. «Esperientzia ederra izaten ari da eta oso zail egiten zaigu pentsatzea egun gutxi barru amaituko dela. Espero dugu lanak bere emaitza izango duela, izan ere, ilusio eta iraunkortasunez lan egiteak helburua betetzera eraman behar gaitu».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos