https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elurra ikusi dut

Mendi bat, elurtuta./Efe
Mendi bat, elurtuta. / Efe
FELIPE JUARISTI

Nik ere elurra ikusi dut, baina ez Bianditz mendiaren hegal-gailurretan, Izarraitzeko gainaldean baizik. Auzoan badago txoko bat aparta. Eseri zaitezke, edateko eskatu eta, eguna argia bada, Gipuzkoako mendi-tontor gehienak begiz jo ditzakezu, hegalez hegal ezinean, Lizardik maite zituen txoriek bezala. Elurraren zelatariak bere egonezinari ematen dio itxura, elurra buztina baino moldagarriagoa baita, eta iraungaitzagoa. Egun batetik bestera joan daiteke, mendian behera, errekara (gauza guztiak bezala, finean) eta handik itsasora. Elurrak ez du ihes egiten, ordea, ez baita gizaki. Elurraren zuria belztu daiteke, poza tristura bilakatu, eta aingerua deabru. Poeta bat, denik eta laudatuena bada ere, deskuidatuz gero, madarikatuen saldoan sartzen dute, 'nihil obstat'ik gabe.

Nik ere irakurri dut Koldo Izagirrek Xabier Leteren bizkar egin duen antologia. Bizi osoa iraun dezakeen liburu baten aurrean gaudela iruditzen zait: ez da elurra bezala urtuko, ez du haize erauntsiak zakarki eramango, ez du suak kiskaliko, ez du itsasoak jipoituko. Elementuei aurre egiteko sortua da, ez fisikoki, espiritualki baizik; liburuak, izan ere, Leteren geografia morala marrazten baitu, eta, neurri handian, Koldo Izagirrerena ere bai. Epilogoa irakurtzea besterik ez dago.

Nik ere konprenitu nahi nuke Koldo Izagirreren arrazoia. Beharbada, aitortu nahi lukeen baino gordeagoa da eta, gordinagoa, seguru asko. Baina ez dago dena esaterik, ezta dena argitzerik ere. Dena garbi balego, zertarako interpretaria, esataria, egiaren bilatzailea, justizia-egilea? Dena garbi balego, zertarako garbitzailea?

Niri ere iritsi zitzaidan Xabier Leteren plagioaren albistea, gutxi baikara idazleok eta, gure komunitatean, joera handiagoa dago berri txarrak aipatzekoa, berri onak komunikatzekoa baino. Utikan albiste on eta menturazkoak! Utikan garaipen eta laudorioak, besteenak badira! Utikan ospe eta fama-nahia, gureak ez direnean, noski! Berriak ez ninduen poztu, Lete lagun gisa estimatzera iritsia bainintzen; baina ez nion garrantzi handirik eman, ez baitzen lehen aldia halakorik entzuten nuena. Lete ez zen beste egile batzuen izenak ere aipatu zizkidaten lehendik, baina garbitzaile ez naizenez, dauden oroimenaren bazterrean utziko ditut, bekatuaren orbana erabat kendu arte.

Nik ere galdetu nahi nuke Leteren bizitzan zer diren eta bere obran zer maila hartua duten Rilkeri eta Ribari (R & R) kopiatu zizkion poema horiek. Ez dut idatziko dena esanda dagoela, ez baita egia, eta ez naiz sartuko Leteren adimenean, egin zuena egiteko izan zuen bultzagarria ulertu nahian. Gure komunitate txiki eta batzuetan baketsu honetan kontu askoz larriagoak gertatu dira, baina ez dut ikusi (eta ez naiz itsu) Izagirreren testuan sumatzen dudan asaldura hori. Ulertzen dut sentsibilitate-kontuetan ez garela denok etxe batekoak; eta batzuentzat kilikagarri dena, beste batzuentzat hozgarri da, edo ozpin bestela. Baina elurra joandakoan lurra geratzen den bezala, iritziak aienatutakoan gertakariak geratzen dira, bakarrik askotan. Oroimena herdoilez betea duenari, egoki zaio hemerotekara joatea, eta hango korridoreetan barrena egurastea, ona baita buruko odola ere ibil dadin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos