https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elkar gerturatu

Hasten direnean, urte askok ematen dute erabakigarri politikagintzan. Baina honako honek izan beharko luke Euskadin, estatus politiko berria zehazte aldera alderdiei behin betiko ahalegina dagokielako. Zezenari adarretatik heltzeko ordua da

Alfonso Alonso, Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu./EFE
Alfonso Alonso, Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu. / EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Iñigo Urkullu lehendakariak elkarrizketa interesgarria eskaini zion aurreko eguenean Euskadi Irratiari, eta bertan hurrengo hilabeteetarako erronka nagusiak aletu zituen. Soseguz, zuhurtziaz eta ordezkari goren bati dagokion arduraz ekin zion ordu erdi pasatxoan, maila politiko eta ekonomikoan lorpenak kateatzeko lehendakari batek izan beharreko perspektiba zabal eta integratzailearen jabe izanda. Bere adierazpenetan daude urtea amaitu bitartekoen gako nagusiak, autogobernua ongizatea ere badenez gero horretan sakontzeak ekar ditzakeenen ingurukoak.

Abiapuntua ezin argiagoa da, luzaroko gabezia bati erantzutekoa. 1979an aitortutakoa guztiz betetzeko sasoia da, oso aspalditik. Ez dago Gernikako Estatutua goitik behera osatu barik egoteko baliozko inolako aitzakiarik, nahiz eta bata bestearen atzeko Espainiako Gobernuak lege organiko bat erdibidean uzten saiatu. Politikan konplizitatea eta leialtasuna hain garrantzitsu direla diotenek, legea betetzeaz etengabe dihardutenek, ia lau hamarkadatan ez dute ezer egin euskal herritarrei zor zaiena bururaino eramateko. Estrategia horri eusteko ezin da interpretazioetan babes hartu, jatorrizko hitzarmenaren balio politikoa delako zalantzan jartzen dena. Ezin delako orduan adostutakoa norbere komenientziaren arabera zatitu. Hala, premiazkoa da estatus berria abiatu aurretik, zaharra azken artikulura arte bete eta ahal den neurrian konpromisorako gogo hura berreskuratzea. Bide batez, letorkeen horretan bermeak behar dira orain artekoa ez errepikatzeko, momentuan momentuko Espainiako Gobernuen interesen menpe ez geratzeko.

Zaila da urrats berriak elkarrekin egitea bidaidea orain arte norbera zangotrabatu guran ibili denean, garai batean hartutako konpromisoak bete nahi izan ez direnean. Estatutuan aurreikusitakoak ez ziren testuinguruaren ondoriozko opariak izan, euskal herritarren borondate demokratikoari erantzuteko asko kostatako akordio baten aleak baizik. Distantzia ideologiko handikoekin lortzen dira hitzarmen politiko handienak, komunitate bati luzarorako eragiten diotenak. Orduko agintariek argi izan zuten hori, eta sakoneko auzi politiko bati erantzuten saiatu ziren. Horretan txarrera egin dugula ematen du, epe laburreko taktizismoa baita nagusi, norbere lubakietatik irtetzeko ezintasuna.

Zain dagoena betetakoan, aurrera begiratzeko ordua izango da, desafio berriei heltzekoa. Eta horretan badago lan nahikoa. Zorionez, 2011tik honako giro politikoa inoizko arnaskorrena da Euskadin, ETA talde terroristak behin betiko su etena iragarri zuenetik. Herriaren hitza beti goiburu izan dutenek, horren araberako erakundetze prozesuan aritu direnek, bide demokratiko eta baketsu soilen aldekoek legitimitate erantsia dute euskal gizarteak XXI. mendean beharrezko dituen autogobernu tresnak eskatzeko, eraikitakotik abiatzeko. Baina eragile guztiak dira garrantzitsu zenbait belaunaldirentzako joko arau berriak zehazterakoan, baita duela berrogei urte euren buruak baztertuta estrategia basati eta antzuenaren aldeko hautua egin zutenen oinordekoak ere.

Lehendakariak aipatutako elkarrizketan nabarmendutakoaren haritik, borondate politikoa egonez gero badago aukerarik akordio berri baterako. Horretarako ez dago zertan inora begiratu edo ezer asmatu beharrik, egungo legedian zeri heldu badagoelako. Hala, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian foru lurraldeen eskubide historikoen inguruan egindako aipamenak eman dezake fruiturik egungo autogobernua egokitze eta zabaltze aldera. Kontzertu Ekonomikoaren ereduari jarraituz, bermedun aldebikotasunaren aldeko apustua egin zuen Urkulluk, aurrekoetan sakondu eta halako subiranotasun partekatu bat mailakatu eta adostea jomuga hartuta.

Zuriaren eta beltzaren artean grisgune zabalak daude, eta horietakoren batean egin beharko dute topo negoziatzaileek. Helburuak merezi du saiatzea. Nazio aitortza eta autogobernu maila ahalik eta handiena eskatzen dute euskal herritarrek, baina aldebakartasunik eta hausturarik gabe. Oreka puntu hori zehazteko lanetan dabiltza jada alderdi politikoak Eusko Legebiltzarrean, besteari tenperatura hartu eta mugak zein helburuak adierazten. Alderdi Sozialista eta Popularra izan dira orain arte batik bat lehenak azpimarratu eta bigarrenei dagokienez erostaka ibili direnak. Dagoenetik mugitze soilak deseroso sentiarazten ditu. Areago, baita dagoenaren zati batek ere. Espainiako egungo agertoki politikoak zeharo baldintzatzen ditu beste behin: Ciudadanos-en eragin zentralistak, Kataluniako horren garaipenak eta oroharreko gorakada demoskopikoak honakoan. Bestelakoan ere ez dira oso sutsu agertzen konpetentzia osagarrien banaketatik askoz haratago joateko, baina inoiz baino ausardia eta borondate politiko gutxiago antzematen zaie orain.

Hauteskunderik gabeko urtea izateak lasaitasunez lan egiten lagundu beharko luke. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-en artean badago osagairik erabaki eskubidearen inguruko gutxieneko adostasunik lortzeko, baina negoziazio prozesua ahalik eta zabalena izanda baino ez dute lortuko gainerako eragileak erakartzea. Horretarako, jakina, PSE-EEk eta PPk noraino joateko prest dauden zehaztu beharko dute, zer nolako euskal autogobernua gura duten argitu, eta Legebiltzarrean 75etik 18 direla oso gogoan hartu. Kanpoko gehiengoetatik ezarritako betoak ez dira sekula lagungarri izaten aurrera egiteko, norbera gutxiengoan dagoen gizarte bati ezer inposatzen saiatzea defizit demokratikoen sorburu delako.

Dena den, baikor ekin behar zaio urteari, eta honek ekarriko dituen aukerei. Arduradun politikoen esku dago egoerak eskatzen duen maila agertzea, Euskadin beste hiruzpalau belaunaldiri begirako estatusa adostu eta finkatzea. Urkullu lehendakariaren nortasuna eta jokamoldea funtsezkoak izan daitezke hori lortzeraino eragiteko, zubigintza eraginkorrerako. Eragile guztiek negoziazioari elkarrizketarako bere prestutasunarekin ekiten badiote izango da mugarri berri bat ezartzerik. Eta euskal gizarteak badu horren beharra.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos