https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elkar Fundazioak Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiari emango die 'Ibilbideari' saria

Sari honekin erakunde biek euskal lurraldean egindako lana eskertu nahi izan du Elkar Fundazioak

UNAI SARRIUGARTE

Elkar Fundazioak Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiari emango die «Ibilbideari» saria. Bi euskal erakundeen ehun urteurrena dela bide, Euskal Herrian garrantzi handiko erakundeak direla nabarmendu du Elkarrek. Hori dela eta, erakunde biek euskal lurraldean egindako lana eskertu nahi izan du Elkar Fundazioak.

Sariaren banaketa ekitaldia maiatzaren 9an ospatuko da Andoaingo Bastero Kultur Aretoan. Bi euskal erakundeek Gotzon Huegun eskultore lasarteoriatarrak egindako artelan bana jasoko dute. Era berean, Euskal Herria Zuzenean ekimenak «Proiektuari» Elkar Saria jasoko du.

Elkarrek adierazi duenez; «euskararen herria egituratzeko nahitaezko elementu dira bi erakundeok«. Halaber fundazioak nabarmendu egin du erakundeek euskara eta euskal kultura, herri kultura zein kultura jasoa zaindu, landu eta zabaltzea izan dutela beti helburu.

Halaber, bi euskal erakundeek Euskal Herri mailan izan duten konpromisoa azpimarratu du Elkarrek. Izan ere, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko herri zein gizarte eragileekin batera aritu dira lanean, elkarlana sustatuz eta jendearen parte hartzea etengabe bilatuz.

Euskaltzaindia euskararen hizkuntza akademia ofiziala da. Erakunde honek euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzea du helburu. Euskaltzaindia 1919. urtean Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten, Eusko Ikaskuntzarekin batera. Akademiaren finantzaketa iturri nagusia Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bideratutako diru laguntzak dira.

Halaber, eginkizunen arabera Euskaltzaindia hiru mailatan sailkatua dago: batetik, euskaltzain osoak, erakundearen osoko bilkura osatzen dutenak. Bestetik, euskaltzain urgazleak, eginkizun murriztuagoak aurkezten dituztenak. Azkenik, ohorezko euskaltzainak ditugu. Hauen izendapena ohorezkoa baino ez da.

Bestalde, Eusko Ikaskuntza 1918. urtean sortutako erakunde zientifiko-kulturala da. Erakunde hau Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko aldundiek sortu zuten, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa.

Eusko Ikaskuntza Euskal Herrian ofizialki hedatuta dagoen diziplinarteko zientzia-erakunde bakarra da. Zientziarekin eta kulturarekin, berrikuntzarekin eta aurrerapen kolektiboarekin konpromiso aktiboa duten pertsonek osatzen dute erakundearen masa sozial zabala.