https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elkanoren ontzia piezaz pieza

Irudian, San Juan baleontziaren maketa./
Irudian, San Juan baleontziaren maketa.

Pasaiako Albaola Itsas Faktoria 'Victoria' itsasontziaren planoak garatzen ari da, 2020an uretaratuko den San Juan baleontziaren antzera berreraikitzeko

NAHIKARI CAYADO

Garai hartako beste edozein herritarrek bezala, Juan Sebastian Elkanok lotura handia izan zuen itsasoarekin. Esploratzailea, itsasgizona, Gaztelako Koroaren zerbitzaria… gure historiako gizonik garrantzitsuenetako bihurtu zen getariarra. Izan ere, asko ikas daiteke munduari bira eman zion lehenengo gizonaren istorio harrigarriak entzunda.

Zoritxarrez, nahiz eta puntako teknologia egon eta izugarrizko ekarpenak egiten ari den, gizakiak momentuz ezin ditu hezur-haragizko pertsonak berpiztu. Guztiz kontrakoa gertatzen ari da bestelako objektu batzuekin, kasu honetan esaterako, itsasontziekin.

Pasaian kokatuta dagoen Albaola Itsas Kultur Faktoriak urteak daramatza XVI. mendeko euskal ontzigintzaren ezagutzan sakontzen. Garai horretakoa da hain zuzen 'Victoria' ontzia, Elkanok munduari bira emateko erabili zuena

. Jende gutxik daki ontzia Bizkaian eraikia izan zenik, Ondarroan hain zuzen. 'Santa María de la Victoria' ontzia Fernando Magallanesek 1519ko Espezien Uhartedirako lehenbiziko bidaian erabilitako bost itsasontzietatik bat izan zen. Magallanes hil ostean, Elkanoren eskuetara pasatu zen, eta, munduari bira osatu ostean, 1522ko irailaren 6an Sanlúcar de Barramedara, Andaluziara, itzuli zen ontzi bakarra izan zen. «Bertan galdu zitzaion arrastoa», dio Xabier Agotek, Albaolako presidenteak.

Hainbeste urtetan arrastoa galduta egon arren, aurten, Victoria ontzia berreraikiko dute Pasaian. Momentuz, ikerketa zientifikoetan oinarrituta, planoak garatzen ari dira, piezaz pieza eratzeko, oso lan zaila baita itsasontzia garaiko material eta teknika berberekin diseinatzea. Baina Albaolan badaukate aurretiko esperientzia orain dela bostehun bat urteko ontzi bat berriz ere eraikitzen.

Hain zuzen, Gipuzkoan egoitza duen Itsas Kultur Erakundea orain dela lau urte eta erdi hasi zen San Juan baleontziaren berreraikuntza lanekin. Albaolakoek adierazten dutenez, «San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza laborategi zientifiko bat da, bertan esperientziaren eta jardueraren bidez ezagutuko dugu garaiko teknologia eta orduko lan egiteko modua nolakoa zen». Gainera, azpimarratzen dutenez, lan honen helburua ez da soilik XVI. mendeko itsasontzi bat egitea, eraikuntza prozesua ere irakasbide izatea baizik.

Baleontzi honen garrantzia ere azpimarratzekoa da. 1565ean hondoratu zen Kanadako Ipar Atlantikoko kostaldean, Red Bay-n hain zuzen. Laurehun urte geroago, itsas arkeologiarentzat eredugarri izango zen ur azpiko indusketa hasi zuten 'Parcs Canada'ko arkeologoek. Hogeita hamar urteko goi mailako ikerketaren ostean, gaur egun, ondoen ezagutzen den XVI. mendeko itsasontzia da San Juan izeneko hau eta UNESCOren Ur azpiko Ondare kulturala irudikatzen duen ikur bihurtu da.

Jatorrizko lehengaiak

Erreplikaren eraikuntza jatorrizko lehengaiak errespetatuz burutuko dutelako konpromisua hartu zuten 'Parcs Canada'rekin, eta lanketa prozesua ere jatorrizkoaren aldean ahalik eta fidelena izatekoa. 28 metro luze, 7,5 metro zabal eta 6 metro puntal dituen hiru kubiertako itsasontzi honek bere baitan ia 15 metro luzeko gila pagoz egina, egitura forma bereziak dituzten hautatutako 200 haritz, masta eta bergak egiteko hogei izei eta kalamuz egindako 560 metro koadro oihal eta sei kilometro soka ditu, besteak beste. Eraikitzeko prozesu osoa elkarlanean ari dira egiten antzinako jarduera honekin lotutako ondarearekin lan egiten duten kultura arloko zenbait erakunderekin eta arlo publiko zein pribatuko eragile eta boluntariorekin.

2020. urtera arte zain egon beharko da itsasontzia bukatuta ikusteko. Behin San Juan ontzia uretan izanda, Victoria ontziak hartuko du bere tokia, eta nahi duenak ikusgai izango du eraikuntza prozesu honen pauso guztiak ontziola museo honetan. «Elkanoren ontziaren erreplika egiteko baleontziaren protokolo bera jarraituko dugu, garaiko materialak eta teknikak landuz, halere lan desberdina izango da, askoz ere itsasontzi txikiagoa baita, esploratzeko erabiltzen baitzen», argitzen du Agotek.

Pasaiako itsas faktoria nazioarteko itsas ondarearen eremuan erreferente sendo bihurtu da eta hala frogatzen du etorkizunari begira dauzkaten erronkek. Ontzigintzaren euskal historia berreraikitzea gutxi balitz, bestelako abentura bat ere badaukate Albaolako lagunek esku artean. Martxoan, Indonesiara joango baitira bidaian Trinidad ontziaren urpeko arrastoen bila: «Badakigu Elkanok munduari bira eman ziola eta baleazaleek baleak ehizatzen zituztela… baina nola egin zuten? Horren erantzuna bilatu nahi dugu guk, hori da euskal itsasketarekiko gure ekarpena».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos