https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elkanoren Lehen Mundu Bira, Loraldian

Elkanoren Lehen Mundu Bira, Loraldian

'Mundubira. Elkano, Primus' antzezlana espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, ezinezko bidaia historiko haren gertaeretan oinarrituriko istorioa

Loraldia Kultur Elkarteak 'Mundubira. Elkano, Primus' antzezlana aurkeztu du astelehen honetan prentsaurrekoan. Loraldiaren produkzio propioa da, formatu txikiko teatro-lana eta Lehen Mundu Bira espedizioaren irteeraren 500. urteurrena gogoratzen du, ezinezko bidaia historiko haren gertaeretan oinarrituriko istorioa.

Gure memoria berreskuratu eta plazaratu nahi duen teatro lan honek iaz 'Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara' sorkuntzak zabaldu zuen bideari ekiten dio. Formatu txikiko antzezlana da non musika eta bakarrizketak tartekatzen diren eta transmisoa du helburu. Obraren arduradunen arabera, Euskal Herriko historia ezagutaraztea ezinbestekoa da, eta, ondorioz, publiko orokorrari zuzendutako estreinaldia baino lehen, ikasleentzako emanaldia eskainiko da eta Loraldia Elkarteak gida pedagogiko bat sortu du, ikastetxeetan landu dezaten.

Bakarrizketak istorioa kontatzeko

Orain dela 500 urte Victoria naoak bete zuen munduaren bira aurreneko aldiz. Leman Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zioten beste euskaldun batzuk zihoazen. 1519an San Lucar de Barramedatik itsasoratu ziren 265 marineletatik 18 baino ez ziren itzuli.

Elkanoz gain hiru bizkaitar bueltatu ziren. Gainera, baliteke Victoria naoa Ondarroan eginiko itsasontzia izatea. Beraz, argi dago Euskal Herria itsastarraren itzala ageri dela historia pasarte honetan.

Teatro-lan honen eszena aktoreen interpretazioak eta musikak osatzen dute. Alde batetik, bi aktorek bakarrizketen bidez istorioa kontatuko dute. Beste aldetik, musikari bik antzezlanaren soinu banda jarriko du: musikaria eta kantaria.

Patxo Telleriak idatzi du teatro lan honen gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean agertuko diren antzezleei dagokionez, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano bilakatuko da; Xabi Ortuzar, Juan de Zubileta itsasmutilaren papera hartuko du; eta hauekin batera, Ainara Ortega kantuan eta Nerea Alberdi musikaria.

Errealismo historikoa

Soinu bandari dagokionez antolatzaileek azpimarratu dute «XVI. mendeko giroa islatu nahi dugula, garaiko baladen bidez. Euskal balada historikoak ditugu teatro-lan honen ardatz ikusgarria eta biolina izango da balada hauen lema».

Hortaz aparte, ziurtatu dute antzezpen honen sormenean aholkularitza jaso dutela, bai musika alorrean eta baita ikuspegi historikoa lantzeko ere. «Ander Berrojalbizek laguntza eskaini digu musikan eta historia aholkularitza Xabier Alberdi eta Julian Diazengandik jaso dugu. Alberdi Elkano 500 Fundazioko Batzorde Zinetifikoko kidea da, eta Julian Diezek Aholku Batzordean parte hartzen du». diote.

Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, Elkano 500 Fundazioaren eskutik. Fundazioaren Patronatoa honako erakundeek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kosta Mankomunitatea eta Getariako Udala.

Bira egiteko helburua

Loradia Elkartearen helburua produkzio hau ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukera izatea da eta bira egiteko helburua kontuan izanda antolatu da produkzioa.

Arrazoiak argiak dira: alde batetik, Juan Sebastian Elkanoren figura aldarrikatzea; bigarrenez, Euskal Herria itxastarraren izaera berreskuratu eta plazaratzea, belaunaldi gazteei jakinaraztea; eta, hauekin batera, gure historiaren pasarte ezinbesteko honen garrantzia nabarmentzea.

Horregatik, produkzio txiki eta jasangarria sortu da, baliabide tekniko gutxiekin eskaini daitekeena eta Euskal Herriko edozein txokotan eskaini daitekeena.

Temas

Euskera