https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elizak, modu bidegabean immatrikulatutako ondasunak itzultzeko bidea irekitzeko eskatu zaio Eusko Legebiltzarrari

Gasteizeko katedrala./Blanca Castillo
Gasteizeko katedrala. / Blanca Castillo

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Jaurlaritzari, eskatzeko harremanetan jar dadila Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako gotzaintzekin eta galdegin diezaiela 1978az geroztik, modu bidegabean immatrikulatu dituzten ondasunak itzultzeko

AMALIA IBARGUTXI

Abuztuan jakin zen Elizak, jabetza titulurik gabe, bere izendatutako ondasunen zerrenda argitaratuko duela Gobernuak. Gainerako talde politikoek bozkatutako lege proposamena jarraituz, ondasunen zerrenda duela urte bete hasi zuen PPren gobernuak iaz, eta bertan behera utzi jarraian. Lanei berriz ere ekin eta gero, laster jakingo da, zehatz, zenbaterainokoa den elizak legez kanpo bereganatu zituen ondasunen kopurua.

Orain, Legebiltzarrak Eliza katolikoaren immatrikulazioen afera eztabaidagai izango du EH Bilduren ekimenez. Izan ere, Josu Estarronak legez besteko proposamena aurkeztu dio Jaurlaritzari eskatzeko harremanetan jar dadila Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako gotzaintzekin eta galdegin diezaiela 1978az geroztik, modu bidegabean immatrikulatu dituzten ondasunak itzultzeko.

Proposamenaren arabera, Elizak aukera izango luke horren ondoren ondasun horiek berriz immatrikulatzeko, «baina legez, banan-banan eta herritar eta erakunde guztiek dituzten baldintza berdinetan, hau da, era publiko eta nabarian eta hirugarren batzuek izan ditzaketen eskubideak kontuan harturik». Estarronak, Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako apezpikuaren agerraldia ere eskatu du, haren Gotzaintza delako EAEn immatrikulazio gehienak (%73) egin dituena.

Elizak bere ondasunen berri eman beharko du, gutxienez. Zehazki, eliza katolikoak hipoteka-legetik kanpo, jabetza titulurik gabe, bere bezala izenpetu dituen ondasun higiezinen berri. Hau da, etxebizitza, lursail eta antzekoak argitaratu beharko dituzte, Justizia Ministeritzak parlamentuan adierazi duenez. Eliza katolikoak, lehenago, 1946ko lege bat baliatuta eta gero, 1998an eginiko lege aldaketa bati esker, herriarenak ziren hainbat ondasun bere izenean ipini ditu modu bidegabean, gogora ekarri dutenez.

Elizak bere izenean erregistratutako ondasun horien zerrenda duela urte bete hasi zuen PPren gobernuak, PP eta Ciudadanos izan ezik, gainerako talde politiko guztiak alde izan zituen lege proposamen bati jarraiki. Hilabeteak igaro eta zerrendatzeari utzi zioten, edo gaia isilarazi zuten, behintzat, orain berreskuratu duena Pedro Sanchezen gobernuak.

Zerrenda horretan 1998tik gaur arteko ondasunak sartzen dira, baina ez atzerago erregistratutako matrikulazio gabeko ondasunak. Inmatrikulazioen aurkako Estatuko koordinazio erakundeak abuztuan adierazi zuenez, mugarri modura urte hori ezartzea ez zen nahikoa, aurrerago ere Elizak erregistratu zituela ondasunak, legez kanpo, argudiatuta.

Ondasunak herriei itzultzeko, EH Bilduk eskatu dio Justizia Ministerioari, Jaurlaritzari eman diezaiola Elizak 1946az geroztik «Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban egin dituen immatrikulazio guztiei buruzko informazio guztia». Batzorde berezi bat sortzea ere proposatu du, «immatrikulatutako ondasun guztiak identifikatzeko, defendatzeko eta berreskuratzeko». Batzordea, azaldu duenez, «Jaurlaritzak berak, hiru aldundiek eta Eudelek osatuko lukete, eta jurista eta historialarien parte-hartzea bermatu beharko luke».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos