https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

eLiburutegiak 30.000 liburu baino gehiago mailegatu ditu lehen seihilekoan

John Andueza, Jon Arretxe, María Dueñas eta Harkaitz Canoren liburuak./
John Andueza, Jon Arretxe, María Dueñas eta Harkaitz Canoren liburuak.

John Andueza, María Dueñas, Harkaitz Cano eta Jon Arretxe izan dira erabiltzaileek gehien eskatu dituzten egileak

EL CORREO

Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago) urteko lehen seihilekoan, eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. 2019an, orain arte, eskaera handiena honako lan hauek jaso dute: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Iaz gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskarazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama, eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dute. Hirugarren tokian Max Lang-ek eta Jakob Schuh-ek zuzendutako El Grúfalo animazio-filma agertzen da.

Datu horiekin, eLiburutegia atariak (Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena da hau) hazten eta erabiltzaile berriak erakartzen jarraitzen duela nabarmendu dute ekimenaren arduradunek. Izan ere, 2019ko bigarren zatian mailegu-erritmo honekin jarraituz gero, atariaren marka onena gaindituko da (57.180 mailegu izan zituen iaz, beste inoiz baino gehiago). Urteko lehen seihilekoa kontuan hartuta, apirilean erregistratu zen mailegu kopuru handiena (5.408), eta otsailean txikiena (4.460). Halaber, urtarrilean hazi zen gehien erabiltzaile berrien kopurua (701 lagun erregistratu ziren doako plataforma honetan).

Urteko lehen erdian gehien mailegatu ziren bost lanetatik lau euskal egileenak dira; kasu honetan, John Andueza, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Fernando Aramburu. Halaber, mailegatutako 20 lanetatik 11 emakume idazleen lanak dira.

2019an gehien mailegatutako 20 lanak:

Larunbatean Bukowskin
John Andueza
Las hijas del Capitán
María Dueñas
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano.
19 Cámaras
Jon Arretxe
Patria
Fernando Aramburu
Jenis Joplin
Uxue Alberdi.
Las deudas del cuerpo (Dos mujeres 3)
Elena Ferrante
612 euro
Jon Arretxe
La desaparición de Stephanie Mailer
Joël Dicker
Los pacientes del doctor García
Almudena Grandes
Los ritos del agua
Eva García Sáenz de Urturi
La bruja
Camilla Läckberg
El silencio de la ciudad blanca
Eva García Sáenz de Urturi
Los señores del tiempo
Eva García Sáenz de Urturi
Arotzaren eskuak
Alberto Ladrón Arana
19 Kamera
Jon Arretxe
Ezekiel
Jasone Osoro
Lepoan hartu
John Andueza
Bihotz handiegia
Eider Rodriguez
Amez ez dute
Katixa Agirre

Euskaraz gehien mailegatutako 10 liburuen artean John Andueza eta Jon Arretxe idazleen presentzia azpimarratu behar da, bakoitzak bi liburu baititu 10 horien artean. Era berean, gaztelaniaz gehien mailegatutako 10 lanen zerrendan Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarraren arrakasta azpimarratu behar da: hiru lan ditu zerrenda horretan.

Iazko uztailean eLiburutegia filmak mailegatzen hasi zen. Orduz geroztik gehien eskatutako filmen artean Asier Altunak zuzendutako Amama eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak daude. Horien atzetik agertzen dira Max Lang-en eta Jakob Schuh-en El Grúfalo animazioko filma, eta Alberto Rodriguezen eta Nacho la Casaren Ozzy lanaren euskarazko bertsioa.

Liburutegi digital honek 15.000 film (aste honetan bertan 800 igo dira) eta 600 audioliburu inguru ditu, Daisy formatuan, eskaintzen ditu, baita 17.020 liburu ere (titulu diferenteak). eLiburutegia proiektua 2014ko azaroan sortu zen, egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak mailegu bakoitzeko kopuru bat ordaintzen du, erabiltzaileei kultur eduki digitalak doan eskuratzeko aukera emanez. Filmen kasuan, eFILM-ekin lortutako akordioari esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzeko, batez beste, 50 zentimo ordaintzen ditu.

Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasahitza izango ditu. Halakorik ez duen edonor EIPSaren liburutegi batera joan daiteke eskatzeko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak ia milioi bat erabiltzaile ditu.

Temas

Euskera