https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elías Querejeta Zine Eskolak lehenengo promozioko ikasleak hautatu ditu

Bideo-kamera./
Bideo-kamera.

Banatu dituzten 45 leku horiek eskolak eskainitako hiru ikasketa adarretako ikasleek bete dituzte, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza ikasleek

AMALIA IBARGUTXI

Zinemagintza, Ikus-Entzunezko Komunikazioa, Arte Ederrak, Artearen Historia edo Kontserbazio eta Zaharberritzea ikasketetak. Askotarikoak  dira Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) jasoko dituen ikasleen gradu ikasketak. Guztira 113 eskaera jaso dituzte eskaintzen dituzten hiru graduondoetarako, eta eskuragarri dauden 45 lekuak segituan bete dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 34 hautagai jaso dituzte, Arabako 2, Bizkaiko 10 eta Gipuzkoako 22. Estatuko beste 36 eta atzerriko 43 lagunek ere egin zuten sarbide eskaera, horietako askok Latinoamerikatik. Baita ere, Ipar Amerikako, Asiako eta Europako herrialdeetako eskaerak ere jaso dituzte.

Banatu dituzten 45 leku horiek EQZEk eskainitako hiru ikasketa adarretako ikasleek bete dituzte. Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntzako talde bakoitzean 15 lagun bildu dituzte Zuzendaritza Akademikoak hautatuta, hau da, Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek.

Ikasleei dagokienez, %60 emakumezkoa da (27) eta %40 gizonezkoa (18). EAEko ikasleak 10 izango dira guztira, Espainiako beste toki batzuetakoak 17, eta 18 atzerritarrak. Latinoamerikakoak horietako 11 izango badira ere, ikasle atzerritarren jatorria askotarikoa izango da: Andorra, Argentina, Kolonbia, Ekuador, AEB, Mexiko, Erresuma Batua, Serbia, Tailandia, Ukraina eta Venezuela, besteak beste. Kalkulatu dutenez, ikasleen batez besteko adina 29,1 urtekoa izango da.

Ikasle hauek, gainera, ez dira hasiberriak. Jaialdietan euren lanak estreinatutakoak dira, ikus-entzunezko komisariotzan edo produkzioan edota kultura-ekitaldi eta zinemaldien kudeaketan eta programazioan aritu izan dira, hainbat sorkuntza eta ikerketa-alorretako ikertzen. Ibilbidea badaukate.

Lehenengo ikasturtea

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako eskola honek proiektu pedagogiko bakarra du, nahiz eta hiru espezialitatetan banatu duten: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Banaketa horrek eskolako zuzendaritza taldearekin egiten du bat, hau da, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin.

Ildo bakoitzaren plangintza hiru ataletan banatzen da. Modulu bakoitzak koherentzia pedagogikoa izango du, jakinarazi dutenez, eta horren arabera, sasoi horretako ikasgai eta jarduera guztiak gai nagusi baten ingurukoak izango dira espezialitate bakoitzean.

Antolamendu horrekin ikasleek «ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea» bilatuko dute, «zinemaren hiru denborekin elkarrizketan»: iraganarekin (ikerketa eta babesa), orainarekin (komisariotza eta programazioa) eta etorkizunarekin (sormena).

Espezialitate bakoitzeko arduradunak izango dira, hurrenez hurren: Clara Sánchez-Dehesa, film eta ikus-entzunezko materialen kontserbazio eta zaharberritzean aditua, L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan, eta Ikus-Entzunezko Ondarearen masterduna, UCMn; María Palacios Cruz, komisario, idazle zein mugimenduzko zine eta irudien irakaslea, Festival Courtisaneko (Belgika) zuzendari-ohia eta egun zuzendari laguntzailea LUXen (Londres), mugimenduan diren irudien inguruko arte-jarduerak sustatzen dituen organismoa bera; eta Laida Lertxundi, Arte Ederretako eta Giza Zientzietako irakaslea Art Center College of Designen (Pasadena, Kalifornia), Kaliforniako Arte Institutuan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos