https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Elhuyar anaien lan zientifikoagatik, zientziaren 'Leku historiko' izendatuko dute Bergara

Bergarako herria./DV
Bergarako herria. / DV

Europako Fisika Elkarteak egingo du aitortza hilaren 20an, Elhuyar anaiak wolframioa isolatu zuten lehenak izan zirela gogorarazteko

AMALIA IBARGUTXI

Fisikaren garapenerako giltzarri izandako tokiak izendatzen ditu zientziaren 'Leku historiko' Europako Fisika Elkarteak (European Physical Society, EPS), eta erakunde horrek jakinarazi duenez, Bergarari (Gipuzkoa) egingo diote aitorpen hori hilaren 20an. Rüdiger Voss EPSko presidenteak egingo du aitortza, Elena Lete Bergarako alkateak eta Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidenteak jakinarazi dutenez.

Esan dutenez, gainera, urriaren 20rako ekitaldi instituzional bat prestatu da, eta bertan izango dira, Urkullu lehendakaria buru, euskal agintari eta Europako ordezkariak. Modu honetan, Bergara 'Leku historiko' izendatuko dute Elhuyar anaien lanari esker, wolframioa isolatu zuten lehenak izan baitziren. Garai hartako jarduera zientifikoa Laboratorium-ean eta Bergarako Seminarioan burutu zen eta beraien balio historikoa aitortzeko EPSren plaka bat jarriko da bi eraikinetan.

Alkatearen hitzetan «Bergara Euskal Herriko zientziaren sorgunea izan zen eta Europako ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan zuen. Gerora, ondare guzti hori berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Laboratorium Museoa. Bertan dago gure zientzia bilduma eta ateak zabalik ditu». Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaien aurkikuntzaz geroztik, wolframioa material estrategikoa izan da zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean.

Duela bi urte abiatu zen Bergara saritzeko prozesua, DIPCk proposamen bat aurkeztu zionean EPSri wolframaren aurkikuntzan Laboratorium-aren eta Bergarako Seminarioaren garrantzi zientifiko eta historikoa azalduz. Hain justu, Bergarak 750. urteurrena bizi du aurten, eta urriko ospakizuna «iraganari errekonozimendua izango bada ere, etorkizunera begira» jartzeko erabiliko dute eguna.

Lehenago, Institut Curie (Frantzia) edo CERN Synchrocyclotron (Suitza) bezalako erakundeek jaso dute saria, besteak beste. EPSa 1968an sortu zen eta Europako elkarte zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Europako 42 fisika elkarte nazionalek, fisikaren arlo guztietako banakako pertsona batzuek eta Europako ikerketa erakunde zenbaitek osatzen dute EPS.

Gainera, prentsaurrekoan, Etxenikek azpimarratu du «errekonozimendu hau Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lorpena» ere badela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos