https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Haur literaturako Andersen Sarietarako hautagai izendatu dute Elena Odriozola

Elena Odriozola, artxiboko irudi batean./E.C.
Elena Odriozola, artxiboko irudi batean. / E.C.

Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak aukeratu du ilustratzaile donostiarra; aurreko edizioan ere hautagai izan zen. 2020ko Boloniako Azokan emango dira ezagutzera irabazleak

AMALIA IBARGUTXI

Elena Odriozola ilustratzailea (Donostia, 1967) izendatu dute haur literaturako 2020ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. IBBY (International Board on Books for Young People) erakundearen nazioarteko epaimahaiak aukeratuko ditu idazle eta ilustratzaile irabazleak. 2020ko Boloniako Azokan emango dira ezagutzera irabazleak, eta IBBYk 2020an egingo duen biltzarrean banatuko zaizkie.

Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak (OEPLI) aukeratu du Odriozola, Galtzagorri elkarteak Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin aurkeztutako proposamena. Bigarren aldiz, Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia izan da aukeratua. Estatuko lau hizkuntzetako haur literatura elkarteek osatzen dute OEPLI, eta, beraz, horietako bat da Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkartea. Bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako.

1995ean lehen aldiz haur literaturako obra bat ilustratu zuenetik -Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k idatzitako 'Agure jakagorria'(Elkar)-, ehun liburu baino gehiago ditu ilustratuak eta horietako asko izan dira beste hizkuntza batzuetan argitaratuak. Besteak beste, 'Txoko txiki txukuna' (Elkar), 'Sasi guztien gainetik' (Galtzagorri elkartea), 'Eguberria: 24 ohitura, kantu eta istorio'(Nerea), 'Haizea sahats artean' (Erein), 'Elsa eta paradisua' (Giltza), 'Azken balada' (Erein, 2016), 'En el bosque' (Libros del Zorro Rojo, 2017), 'Euskal herrietako ipuin gaiztoak' (Denonartean, 2018).

Gainera, Odriozola Galtzagorri elkarteko bazkide da ia sorreratik, eta hainbat urtez izan da elkarteko zuzendaritza batzordeko kide. Elkartearen logotipoa ere berak sortutakoa da, baita Galtzagorriren 25. urteurrenekoa ere. Haur literaturako 'Nobel Sari txikiak' bezala ezagunak diren sariak bi urtean behin ematen dira 1956tik. Aurreko edizioan ere hautagai izan zen Odriozola.

Temas

Euskera