https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eleizalde, mende erdi bete duen lehenengo ikastola kooperatiba, omendu dute

Aintzatespena Euskalduna jauregian izan zen ostegunean

E.C.

Eleizalde Ikastola bost hamarkada bete dituen Euskadiko lehenengo Ikastola kooperatiba da eta omenaldia jaso zuen ostegunean, kooperatiba forma juridikoarekin 50 urte baino gehiago daramatzan Euskadiko 69 erakundeetako bat izateagatik.

Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatzen zela aprobetxatuz, Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluak (CSCE-EKGK) omenaldi jendetsua egin zuen Euskalduna Jauregian eta Iñigo Urkullu Lehendakariak babestutako familia argazkiarekin itxi zuten topaketa.

CSCE-EKGK, kooperatibismoaren sustapena eta hedapena bermatzeko topalekua da, eta Euskadiko administrazio publikoen aholkularia da kooperatiben alorrean. Horrez gain, kooperatiben balioen eta printzipioen defentsa, sustapena eta hedapena hartzen ditu bere gain, Bermeoko Eleizalde Ikastolaren iraganean eta gaur egunean oso presente daudenak. Ikastolak «harrotasunez eta esker onez» jaso du omenaldia.

Unai Urrutia Kortazar ikastolako presidentearen berbetan, «Bermeoko Eleizalde Ikastolan egunero egiten dugu behar prestakuntza akademikoa eta balioak gertuko ingurunean uztartzeko, bertan egoteak ematen duen konfiantzarekin. Ikastola eraldatzailea, inklusiboa, eta herrikoa gara. Erabilgarritasun publikokoa, irakaskuntzako elkarte kooperatibo integrala gara, eta geure hezkuntza egitasmoa daukagu. Egitasmo horretan gurasoek eta langileek elkarrekin hartzen dute parte. Euskara eta euskal kultura defendatzen eta sustatzen ditugu».

CSCE-EKGKk antolatuta eta goiz osoan, gonbidatu eta partaide askoren babespean, Euskalduna Jauregian ospatutako Kooperatiben Nazioarteko Eguna 'Kooperatiben Konpromisoa Garapen Iraunkorraren Alde' izenburuarekin egin zen.

Temas

Euskera