https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eleaniztasunaren arloko akademiko goren izendatu dute Durk Gorter EHUko katedradun eta Ikerbasqueko ikertzailea

Durk Gorter EHUko katedradun eta Ikerbasqueko ikertzailea./Ehu
Durk Gorter EHUko katedradun eta Ikerbasqueko ikertzailea. / Ehu

Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkartearen 'Distinguished Scholar of Multilingualism' saria jaso du Europako hizkuntza gutxituak eta paisaia linguistikoak aztertu dituen aditu honek

AMALIA IBARGUTXI

Eleaniztasuna, hizkuntza gutxituak eta paisaia linguistikoak ikertzen ditu Durk Gorterrek, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean eta Ikerbasqueko ikertzaileak. Orain Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkartearen 'Distinguished Scholar of Multilingualism' saria jaso du, elkarteak Lisboan egindako kongresu batean, eleaniztasunarekin lotuta egin dituen azterlanen kalitatea dela eta.

Eleaniztasunaren arloko akademiko gorena da, beraz, Gorter. UPV/EHUko DREAM (Donostia Research Group in Education and Multilingualism) taldearen zuzendaria da. 2007. urtera arte, Amsterdamgo Uniberstitateko katedraduna izan da frisieran, eta Fryske Akademyko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria ere izan zen. Hiztunak galtzen ari den gutxitutako hizkuntza da frisiera. Herbehereetan, eta Alemanian hitz egiten dute batik bat, eta neurri txikiagoan, Danimarkan ere baditu hiztunak. Ingelesetik eta eskozieratik gertuen dagoen hizkuntza da. Adituek uste dute Britainia Handira migratu zuten anglosaxoien hizkera zela.

Zehazki, eleaniztasuna, Europako hizkuntza gutxituak eta paisaia linguistikoa ikertzen ditu Gorterrek. Hau da, bi hizkuntza edo gehiago erabiltzeko gaitasuna, noizbait bazterkeria jasan duen hizkuntza eta hizkuntzen erabilera aztertzen ditu esfera publikoan: errotuluetan, eraikin publikoetan, eta, orokorrean, testu idatzietan. Hizkuntz paisaia ikertzeak agerian utzi du, besteak beste, eleaniztasuna oso ohikoa dela.

Bestalde, Gorterrek nazioarteko doktorego tesiak zuzentzen ere lan egiten du, 'Language, Culture and Curriculum' aldizkariko editorea da, nazioartean ospe handiena duten aldizkari indexatuetako bat, eta hamaika liburu eta artikulu argitaratu ditu Europako hizkuntza gutxitu eta paisaia linguistikoen inguruan.

Bere azken argitalpenen artean daude, besteak beste, 'Multilingual Europe: Facts and Policies' (Guus Extra-rekin batera, 2008, Mouton de Gruyter) eta 'Linguistic Landscape: Expanding the Scenery' (Elana Shohamy-rekin batera, 2009, Routledge). Europako Kontseiluak finantzatutako SUS.DIV 'Garapen iraunkorra askotariko mundu batean' Bikaintasun Sareko eleaniztasunari buruzko ikerketa-taldea ere koordinatu du.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos