https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ELAK klimaren aldeko konpromisoa eskatu die enpresei

Klima aldaketa irudikatzen duen irudia./Fotolia
Klima aldaketa irudikatzen duen irudia. / Fotolia

Euskal sindikatuak kanpaina bat jarri du abian, konpainiek klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak murriztu ditzaten

UNAI SARRIUGARTE

ELAK klimaren aldeko konpromisoa eskatu die enpresei. Ekainaren 26a klima aldaketaren aurkako nazioarteko ekintza eguna lantokietan izanik, euskal sindikatuak kanpaina bat jarri du abian, konpainiek klima aldaketa eragiten duten emisioak murriztu ditzaten. Hori dela bide, sindikatuak lantegi guztietan emisioak murriztu behar direla nabarmendu du, egoerari buelta ematea posible dela esanez. Egitasmoa Euskal Herriko 100 enpresa ingurutan jarri da martxan: Iberdrola, Arcelor Mittal, Smurfit Kappa, Gamesa, Volkswagen, CIE Inyectametal eta Cementos Lemona, besteak beste.

Sindikatuak dioenez ez badira neurri zorrotzak berehala hartzen, klima aldaketa mehatxua izango da pertsona guztiontzat, eta ezinezkoa izango da zenbait lurraldetan bizitzea. Problema honi aurre egiteko, konpainiek klima aldaketara egokitzeko jarduera-plan zehatzak jorratu beharko dituzte. Plan hauen xede nagusia berotegi efektuko gasen murrizketa eta trantsizio justurako neurriak hartzea izango da.

Langileak klima aldaketari aurre egiteko akzioaren lehen lerroan daude, euskal sindikatuak enpresariek langileen lanpostuak klima aldaketara egokitzea exijitzen baitu. Hortaz, atzo klima aldaketaren aurkako nazioarteko ekintza eguna izanda, Euskal Herriko ia 100 lantokitan ELAk enpresariei galdeketa batzuk egin zizkieten. Galdeketa hauetatik jasandako erantzunak lanpostuak eta enpresak klima aldaketara nola egokituko diren aztertzea izango dute xede.

Bai langileek, bai enpresak ere segurtasuna nahi dute, eta klima aldaketak zalantzaz betetako etorkizuna dakar guztiontzat. Langileek enpresak hartutako neurrien inguruan jakinaren gainean egoteko eskubide osoa daukate. Izan ere, langileentzat enpresa hauek etorkizun jasangarri baten alde hartuko dituzten neurriak oso garrantzitsuak dira.