https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ekoturismoaren inguruko biltzarra egingo dute Gasteizen, «etorkizuneko jarduerak zehazteko»

Natura-turismoan sakondu eta sektoreko premien ikuspegi garbiagoa eskaintzeko, Euskadiko Ekoturismoko II. Foroa egingo dute Gasteizko Biltzar Jauregian urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean

AMALIA IBARGUTXI

Ekoturismoak turista multzoak lurralde osoan banatzen laguntzen du, eta turismoa urtaro guztietara zabaltzen, besteak beste. Natura-turismoan sakondu eta sektoreko premien ikuspegi garbiagoa eskaintzeko, Euskadiko Ekoturismoko II. Foroa egingo dute Gasteizko Biltzar Jauregian urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean. Natura-turismoaren eremuko adituak bilduko ditu. «Biltzarreko txosten eta ondorioetan oinarrituta, etorkizunean esparru honetan egingo ditugun jardunak zehaztuko ditugu», azaldu du Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendariak.

Turismo Sailak antolatutako ekimenean, Euskadiko ekoturismoan sakonduko dute. «Izan ere, fenomeno hori errealitatea da dagoeneko, askotariko esperientziak garatzen ari baitira gure lurraldean. Ekoturismoaren segmentuari lotutako kalitateko eskaintza lehiakor bat garatzeko tresna egokiak zehaztea eta inplementatzea lortu nahi dugu, Euskadiko turismo jasangarriaren politikari jarraikiz», gaineratu du Etxebarriak.

Natura-jarduerak eta landa-turismoko jarduerak jomuga deszentralizatzen laguntzen dute, adierazi duenez, «gehienak Euskadiko barnealdeko herrietara joaten baitira. Egiten dituzten bisitaldiak urteko garai guztietan banatuta daude, baina goi-denboraldietatik kanpo egiten dituzten bidaiariak dira nagusi. Beraz, turismoa urtaro guztietara zabaltzen ere laguntzen dute».

Biltzarrerako osatu duten programa lau gai multzotan banatuta dago. Foroaren lehen egunean, Turismoko Idazkaritza Nagusiko ordezkariek ekoturismoaren aurrekariak, azken urteetako ibilbidea eta etorkizunerako gakoak azalduko dituzte. Espainiako ekoturismo-klubeko gerenteak, berriz, 2018an abian jarritako ekoturismoaren behatokiari buruzko datu nagusiak aurreratuko ditu.

Aurten, Extremadura izango da Autonomia Erkidego gonbidatua, natura-turismoko jardueretan tradizio luzea duen eskualdea. Bertako ordezkariek beraien lurraldean ekoturismoa bultzatu eta hobetzeko garatzen ari diren politiken eta estrategien berri emango dute.

Bigarren egunean, Urdaibaiko Erreserban, Euskal Kostaldeko Geoparkean, Atarian eta Ekoetxean erantzukizuna duten erakundeetako ordezkariek hitz egingo dute, eta Euskadiko natura-turismoari eta haren etorkizuneko ikuspegiari lotutako beste agente batzuek hartuko dute parte, baita ere.

Temas

Euskera