11 ekoizpen Zinemaldiko Kutxabank-New Directors saria irabazteko lehian
Horien artean bi obra euskaldun daude, Imanol Rayo zinemagile iruindarraren 'Hil-kanpaiak' eta David Perez Sañudo bilbotarraren 'Ane'
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 4 abuztua 2020, 20:55
11 ekoizpen daude Zinemaldiko Kutxabank-New Directors saria irabazteko lehian. Bertan ikusgai egongo diren luzemetraiak hainbat herrialdetakoak dira. Guzti horietatik zazpi opera primak dira, eta, besteak, berriz, zuzendarien bigarren ekoizpenak. Horien artean bi obra euskaldun daude, Imanol Rayo zinemagile iruindarraren 'Hil-kanpaiak' eta David Perez Sañudo bilbotarraren 'Ane'.
Kutxabank-New Directors saria irabazteko norgehiagokan dauden zuzendari berrien izenak ezagutzera eman ditu aste honetan Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria den Jose Luis Rerbordinosek, Tabakaleran egindako prentsaurreko batean.
Aipatu bezala, hainbat herrialdetako obrak daude hautatuen artean, hala nola, Hego Koreatik, Brasiletik, Espainiar Estatutik, Japoniatik, Irlandatik, Herbehereetatik, Frantziatik, Poloniatik, Errusiatik, Erresuma Batutik, Txinatik edota Vietnametik ailegatuko lanak.
David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak Zinemira-Kimuak atalean esku hartu zuen 2017. urtean, 'Aprieta pero raramente ahoga' laburmetraiarekin. Hala, oraingo honetan 'Ane' izeneko ekoizpena emango du ezagutzera 68. Zinemaldian. Lanak Lideren alaba den Aneren desagerpena kontatzen du. Bertan Patricia López, Jone Laspiur, Mikel Losada, Luis Callejo, Nagore Aranburu, Fernando Albizu, Gorka Aguinagalde eta David Blanka dira protagonistak.
Halaber, Imanol Rayo zuzendari iruindarrak bere bigarren lana aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian. Zinemira saria irabazi zuen 2011. urtean, 'Bi anai' filmari esker. Aurtengoan, aldiz, Miren Gorrotxategi idazlearen '33 ezkil nobela' erreferentziatzat duen euskarazko 'Hil-kanpaiak' lanarekin lehiatuko da. Ekoizpen honetan familia baten zauriak irekiko dira, gizaki baten hezur batzuen aurkikuntzaren ondoren. Aktore lanetan Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez dabiltza.
Sail honetan bere lehendabiziko opera prima aurkezten duten zuzendarien lanak honako hauek dira: Isabel Lambertiren 'La última primavera'; Joao Paulo Miranda Mariaren 'Casa de antigüedades'; Grigori Kolomitseven 'Chupacabra'; Kim Mi-joren 'Gal-mae-gi', Xingyi Dongen 'Gē shēng yuán hé màn bàn pāi'; eta Suzanne Lindonen '16 printemps'. Era berean, bigarren lana aurkezten duten zinemagileen ekoizpenak hiru dira: Ben Sharrocken 'Limbo', Piotr Domalewskiren 'Jak Najdalej Stąd' eta Akio Fujimotoren 'Boku no kaeru basho'.