Saharako herriek jasan duten erbestealdia eta borroka, Ekain Albiteren lehen film labur profesionalean
Orain arte zumaiarra amateur gisa aritu da, baina oraingoan 'Haizearen egia' izeneko film labur profesionala egin du
Paul Picado
Osteguna, 17 iraila 2020, 21:15
Ekain Albite zumaiarrak bere lehen lan profesionala estreinatu zuen joan den astean Zumaiako Kultur Etxean. Orain arte amateur gisa aritu da Albite, baina oraingoan, 'Haizearen egia' izeneko film laburrarekin, esan bezala, lan profesionala burutu du.
Film labur horretan, Saharan jaio zen baina Euskal Herrian bizi den Tahar gaztearen istorioa kontatzen du. Bere aita gaixotzen da eta hilzorian dagoenez, bere etxera itzuli behar izaten du. Bere familia Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizi da, eta Taharek oroitzapenean eta kontraesanei aurre egin beharko die.
Albitek hainbat film labur prestatu ditu eta txikitatik izan du zinemarekiko jakin-mina. Hori dela eta, zinema-zuzendaritza ikasten hasi zen, zuzendaritza espezializazioan, Bartzelonako Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Cataluny eskolan (ESCAC), eta gaur egun, horiek ikasketa horiek amaitzen ari da.
Film laburra 2019. urtearen hasieran grabatu zuen, eta bere helburua Saharako herriek azken hamarkadatan jasan duten erbestealdia eta borroka beste modu batera kontatzea izan zen. Bere asmoa bertako istorio bat kontatzen duen fikziozko film labur bat egitea zen, baina ohiko dokumentaletatik ihes eginez.
Filma Maluta Films ekoiztetxeak ekoiztu du, eta Zumaiako eta Zestoak Udalen, Euskal Fondoaren, Daralhi eta Wanda elkarteen eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du. Grabazio prozesua eta gero antolatu zen mahai-inguruan Ekain Albitek berak, eta erakunde horien guztien ordezkariek, hala nola Ritxi Lizartzak (Maluta Films), Samuel Ruizek (Daralhi) eta Iñaki Ostolazak (Zumaiako alkatea) parte hartu zuten.