EITBko profesionalek gabonetako kantak grabatu dituzte Euskadiko Orkestrarekin
Kanta horiek guztiak banan-banan txertatuko dira ETBko programazioan gaurtik aurrera
Zurekin
Ostirala, 15 abendua 2023, 11:23
Gabonetan mota guztietako ekitaldiak egiten dira eta beste garai batzuetan egin ohi ez ditugun gauzak egiten ditugu: turroia jan, urteko gainerako egunetan ikusten ez ditugun senideekin egon, zuhaitza muntatu, etxera itzuli... Eta nola ez, gabon kantak abestu.
Bada, EITBren eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan berri batekin gozatu ahal izango dugu aurtengo Eguberri jaietan. Ekimen berezi eta hunkigarria izango da, EITBko hainbat profesionalek gabon kanta ezagunak grabatu baitituzte Euskadiko Orkestrarekin batera. Fernando Velázquez konpositoreak moldatu ditu obra horiek, eta Juanjo Ocón zuzendariaren esanetara interpretatu dituzte, Leioa Kantika Koralak eta Errenteriako Landarbaso Abesbatzako kideek lagunduta.
Ekimen berezian parte hartu duten profesionalak hauek dira: Xabier Ormazabal 'Teleberri' albistegiko aurkezlea, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko burua, 'Esto No Es Normal' saioko Egoitz Txurruka, 'SOS Kantak Arriskuan' saioko Klara Mendizabal, Iker Lauroba eta Lider Hernando, eta Sua Enparantza eta Ainhoa Larragaña aktoreak.
Haien ahotsean entzungo ditugu 'Birjina maite', 'Hator hator', 'Horra, Mari Domingi', 'Olentzero', 'Gabon gauean' eta 'Haurtxo maite/Noche de paz/Stille nacht'; abesbatzetako kideek kantatuko dituzte, berriz, 'Gabaren erdian', 'Mesias sarritan' eta 'Oi Bethleem'.
Kanta horiek guztiak banan-banan txertatuko dira ETBko programazioan gaurtik aurrera. Halaber, emanaldi osoarekin gozatzeko aukera izango dugu abenduaren 23an, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.