https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EiTBko 'Gure Kasa'-ren denboraldi berria nobedade ugarirekin hasi da

Telleria anaiak./EiTB
Telleria anaiak. / EiTB

Aurtengo denboraldia atal eta aurpegi berri ugariz josia dator

UNAI SARRIUGARTE

EiTBko 'Gure Kasa'ren denboraldi berria berritasun ugarirekin hasi zen pasa den astelehenean, irailak 2. Hauxe Telleria anaiek zuzendutako telesailaren hirugarren denboraldia izango da. Egun arte 600 gonbidatu inguru pasa dira saiotik eta oraindik ere asko izango dira bertatik pasako direnak.

Telesailak atal eta kolaboratzaile berriak aurkeztuko ditu. Egunero, saioa hasi eta berehala, gonbidatua kozinatzen jarriko dute sukaldari profesional baten aurka. Ramon Roteta eta Pili Manterola izango dira sukaldariak, eta, haietako baten agindupean eta elkar ikusi gabe, gonbidatuak errezeta bat egin beharko du. Horretarako gonbidatuak 12 minutu izango ditu. Erronkaren amaieran, bi sukaldari profesionalek erabakiko dute gonbidatua Txef ala Txof den. Izan ere, horixe da atalaren izenburua.

Era berean, Joseba Beloki txirrindulari ohia denboraldi honetako beste aurpegi berrietako bat izango da. Belokik Aspaldiko! izeneko atala aurkeztuko du eta bertan aspalditik ikusi ez ditugun pertsonekin batu, eta gaur egun bizitza publikotik kanpo zertan diharduten eta bizi diren erakutsiko du: kirolariak, politikariak, aktoreak, idazleak etab.

Beste kolaboratzaile berri bat ere izango da Saioan, Yolanda Alzola. Urte askoan EiTBko aurkezlea izan zen Alzola, eta bueltan da EiTBn berriro ere 'Ai Amatxo!' atalarekin. Alzola astean behin izango da platoan, eta gonbidatu baten amarekin mintzatuko da, protagonistaren lehengo eta oraingo nondik-norakoei buruz hizketan ibiliko da.

Aurten, Espainiako futbol ligako maila gorenean 5 euskal talde daudenez eta nesken futbolak ere gero eta presentzia handiagoa duenez, 'Gure Kasa'n tarte bat egin nahi izan diete sexu bietako futbolariei. Atal hau 'Eta nor izango' izenekoa Ainhoa Sanchezek gidatuko du. Sanchezek astero futbolaren xehetasunei erreparatuko die, Euskal Herrian futbolak sorrarazten dituen istorio bitxiak aditzera emanez.

Potilleoa, poteo eta kotilleo hitzen arteko hitz-jolasa izango da denboraldi honetako beste atal berria. Gonbidatuaren herrira joango dira, eta bertan protagonista: non ibiltzen den, non hartzen duen kafetxoa, non mozten duen ilea, eta antzeko bitxikeriak, ikertuko dute, betiere, umore puntu batekin. Kolaboratzailerik egokiena dute horretarako, Onintza Enbeita. Mikroa eskuan hartuta, gonbidatuaren herrian murgilduko da, eta informazio bitxia ekarriko du.

Bestalde, aurten ere Maddalen Arzallusek telesailean jarraituko du. Baina, atal berria estreinatuko du: Doinu-kaxa izenekoa. Gonbidatuaren bihotzeko kanta batzuk entzun, ikusi eta abestuko ditu, eta, horretarako, irratsaio berezia antolatuko dute platoan.

'Gure Kasa' saioko aurkezle eta kolaboratzaileak.
'Gure Kasa' saioko aurkezle eta kolaboratzaileak. / EiTB

Temas

Euskera