https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ehun urte baino gehiago dituen ‘Kresala’ obra ondo ezagutzeko jardunaldiak

Jardunaldiak aurkezteko kartela./Bilbo Zaharra
Jardunaldiak aurkezteko kartela. / Bilbo Zaharra

Atzotik bihar arte, Klasikoen Irakurraldi Jarraituen hamaikagarren edizioan protagonista izango den Txomin Agirreren nobela aztertzen ari dira Euskaltzaindian

VIRGINIA ENEBRAL

'Gero', 'Peru Abarka', 'Haur besoetakoa', 'Hamaika pauso', 'Zergatik panpox', 'Obabakoak', 'Harri eta herri', 'Narrazio guztiak', 'Metamorfosia' eta '%100 Basque'. Hamarkada batean zehar, hamar liburu ezagutaraztera eraman du Bilbo Zaharra euskaltegiak urtez urte antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituen baitan. Hautaketarako arrazoiak anitzak izan dira: kronologia hasieran, emakumeen lana ikustarazi edota urteurrenak ospatu. Aurten, Txomin Agirrek idatzitako 'Kresala' izango da ekimenaren protagonista. «Urte asko eman ditugu idazle garaikideen lanak aukeratzen eta atzera begiratzeko ordua berriro heldu zela erabaki genuen», adierazi du Pedro Alberdik, irakurketaren arduradunak eta euskaltegiko ordezkariak.

Ehun urte gutxienez izan behar zituen obrak. Askoren ustez euskarazko lehen eleberrigilea izan zenaren lan nagusiak 'Kresala' eta 'Garoa' dira. «Lehenengoa bizkaieraz idatzita dago; bigarrena, ordea, gipuzkeraz. Bilbon burutzen denez, argi eta garbi izan genuen hautua». Halere, bigarren zio bat ere badago. «Euskaltzaindia erakundearen urteurrena izango da eta Agirrek lehenengo kideetako bat izan zen».

Ideiaren jatorria Madrilen dago. «Han urteak daramatzate On Quixote irakurtzen eta aparteko ekintza iruditu zitzaidan: hainbeste jende elkartzea pertsona bakoitzak obra baten pasarte bat irakurtzeko... Ekimen paregabea da benetan». Egitasmoa Udalari helarazi zioten eta Arriaga eskaini zien. «Agertoki aproposa», onartzen arduradunak. Irakurketa gauzatu aurretik, liburuari gerturatzeko jardunaldi batzuk antolatzea bururatu zitzaien. «Ikuspuntu ezberdinetatik aztertzea dute helburu».

Dena den, ekimena abian jarri baino lehen mota askotako hitzaldiak egiten zituen jada Bilbo Zaharra euskaltegiak: eztabaidak, mahai-ingurua, solasaldiak... «Euskaltzaindiarekin hitzarmen bat dugu egoitzako aretoa erabiltzeko. Leku egokia da Plaza Barria toki guztietatik hurbil baitago», azpimarratzen du Alberdik.

Begirada ezberdinak

Ohiko bilakatu den moduan, 'Kresala' obraren hurreratzea bi alditan egingo da eta bakoitzean hiru jardunaldi garatuko dira. Bata aste honetan burutzen ari da; bestea, irakurketaren aste berean gauzatuko da. Atzo Beñat Sarasola eta Belen Altunaren txanda izan zen. «Literatur kritikaria gaztea da; ondorioz, gaur egungo begirada ekarri zuen, hau da, zer iruditzen zitzaion liburuan agertzen den moral zaharkitu hori. Gainera, Sarasolak ETB1-eko Sautrela programa aurkeztu zuen eta bertan ahaztuak dauden aintzinako liburuei buruzko atala ireki zuten. Lehenengo saiorako nobela hau aukeratu zuten». Altuna 'Euskaldun fededun' liburuaren egilea da. «Obra ulertzeko argitalpen egokia da, saiakerak hitzen arteko identifikazioa aztertu baitu», apimarratu du Alberdik. «Agirre apaiza da, gure ikuspegitik atzerakoia, eta testuingurua ulertzea ezinbestekoa da».

Gaur, 19.00etan, Bernado Atxaga izango da Euskaltzaindiaren egoitzan. «Ideologikoki aurkako ertzean dago; halere, gure gonbidapena onartu eta euskal literaturaren historian kokatuko du obra».

Berezia izango da 'Kresala sundan' izenburupean garatuko den biharko mahai-ingurua. Leire Bilbao, Ane Urkiza eta Miren Agur Meabe arituko dira eta haiek prestatutako muntaia ikusi ahalko da. «Lehenengo biak ondarrutarrak dira, egilea bezala eta nobelaren kokapena ere —Arranondo Ondarroa da—; hirugarrenak, berriz, Lekeitiokoa. Gainera, hirurak emakumeak dira eta liburuan agertzen diren andrazkoen irudikapena ikuskatu ahalko dute».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos