https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUko ikasle batek Espainia mailako Kontserbazio eta Zaharberritzeko Ikertzaile Gaztea saria lortu du

Estibaliz Lama Ochoa de Retana./Europa Press
Estibaliz Lama Ochoa de Retana. / Europa Press

Estibaliz Lama Ochoa de Retanak 'Paperezko zaharberritzean erabiltzen diren ohiko almidoien ebaluazio analitikoa: kudzua alternatiba gisa' lanari esker izan da saritua

EL CORREO

Estibaliz Lama Ochoa de Retana Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Diziplinarteko Estrategia Zientifikoak Ondarean eta Paisaian doktorego programako ikasleak irabazi du Kontserbazioko Espainiako Taldeak antolatzen duen Kontserbazio eta Zaharberritzeko Ikertzaile Gaztea 2018 saria, finalera iritsi ziren 30 proiektu zientifiko baino gehiagoren artean. 'Paperezko zaharberritzean erabiltzen diren ohiko almidoien ebaluazio analitikoa: kudzua alternatiba gisa' da saria lortu duen EHUko ikaslearen lana.

Kudzua (landare mota bat) itsasgarri gisa erabiltzea aztertzen du ikerlanak, eta hori «erabat berritzailea» da kultur ondareen zaharberritze eta kontserbazioaren alorrean. Ikerlana Estibaliz Lamaren esperientziatik abiatu da, eta diziplina anitz uztartuta lan egiten du EHUko Margolaritza eta Kimika Analitikoko sailen artean. Egun, doktorego tesia egitean ari da Punta Begoñako Galerietan, Getxon, eta material berriak garatzen ari da bertan, EHUk jakinarazi duenez.

Gaur egun artelanetan egiten diren zaharberritze prozesu gehienetan erabili ohi dira mota horretako itsasgarriak. Hala ere, azken hamarkadetan itsasgarri sintetiko horien erabilera areagotzeak eztabaida piztu du, kontserbazioan bertan duen interakzio negatiboagatik eta ingurumenean eragiten duen toxizitateagatik, baina, batez ere, zaharberritzen duen profesionalean eragiten duen kalteagatik. Kultur Ondareen Zaharberritze eta Kontserbazioaren alorreko egungo ikerketa-korronte berriek ikuspegi positiboagoa berreskuratu eta aldarrikatzen du produktu naturalei dagokienez; antzina alor horretan erabili ohi ziren.

«Zaharberritze eta kontserbazioaren alorrean itsasgarri modura erabiltzen diren almidoi naturalak ikuspuntu ezberdinetatik alderatzen ditu ikerlanak, eta Japonian jatorria duen landare baten almidoi berri bat aurkezten du. Ez dago horri buruzko ikerlanik zaharberritzearen alorrean, medikuntzarako ezaugarriengatik baita ezaguna. Azterketa eta entseguek ondorioztatu zuten almidoi berri hau itsasgarri tradizionalak baino eraginkorragoa dela, eta hainbat alderdi garrantzitsu hobetzen ditu, esaterako, biohondatzea edo epe luzera almidoiaren kolorea aldatzea», azaldu Lamak.

Nagore Prieto EHUko Kimika Aplikatuko saileko irakasle eta Kimika Analitikoko sailerako IBeA taldeko ikertzaileak adierazi duenez, «oso ahalegin handia izan da, eta, zalantzarik gabe, saria irabazteko arrazoia izan da». Hain zuzen, Prietok berak eta María Dolores Rodríguez Laso Arte Ederretako Fakultateko Margolaritza saileko irakasleak gidatu dute Lamaren lana.

ORIGINALA

Ikerketa originala da, bakarra eta berritzailea, eta paper eta ehunen zaharberritzean etorkizunean egingo diren lanak islatzeaz gain, oso ikerketa ildo berri eta interesgarriak irekitzen ditu, Lamaren hitzetan.

«International Institute for Conservation of historic and artistic works erakundearen Espainiako taldeak, 30 proiektu zientifikoren artetik, hiru urtetan egindako lana aintzat hartu du. Lan hori garatzeko beharrezkoa izan da nire doktorego tesia egiten ari naizen Arte Ederren Fakultateko Margolaritza sailetik egindako diziplina anitzeko lana, baita Kimika Analitikoko saileko eta Zientzia eta Teknologiako Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko lana ere. Baina, batez ere, unibertsitatean zientziaren eta artearen arteko lotuta indartzeko bultzada izan da, pixkanaka beharrezkotzat hartzen ari diren proiektu eta ikerketa mota hauek finantzatu eta ikusgarri egiten laguntzen baitute», azaldu du.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos