https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleek Getxoko Punta Begoñako galeriaren berriztapenean hartuko dute esku

EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleek Getxoko Punta Begoñako galeriaren berriztapenean hartuko dute esku
Pedro Urresti

Zaharberritze honen hirugarren edizioan 10-12 ikaslek hartuko dute parte

UNAI SARRIUGARTE

EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleek Getxoko Punta Begoñako galeriaren berriztapenean hartuko dute esku. Hauexek erakin historiko honen zaharberritzearen hirugarren kanpainan lagunduko dute.

Getxoko Ereaga hondartzaren aldamenean kokatuta dagoen Punta Begoña Galeria Bizkaiko eta Euskal Herriko XX. mendeko azpiegitura garrantzitsuenetarikoa da. Denborak aurrera egin ahala, hondatuz joan da. Edonola ere, Bizkaian ondare honek duen garrantziari esker, eraikin hau berriztatzeko kanpaina bat hasi zuten 2014. urtean. Bertan Getxoko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hartzen dute esku.

Azpiegitura berreraikitzeaz gain, egitasmoak ikerlana, prestakuntza eta bereganatutako ezagutza gizarteratzea du xede. Egun bost erakunde ezberdin dabiltza bertan elkarlanean: EHUko Ikerkuntza eta Berrikuntza Ikertaldea (IBeA), Grupo de Investigación en Patrimonio Construido (GPAC), Hidrogeologia-Geoteknia-Ingurumen Ikertaldea, Cultural Landscape and Heritage UNESCO Katedra eta Ondareen Zaharberritzeari buruzko Ikertaldea.

Gainera, aipatu dugunez hirugarren urtez EHUko Arte Ederren Fakultateko Kultur Ondareen Kontserbazioari eta Zaharberritzeari buruzko Graduko ikasleek eraikinaren zaharberritzean parte-hartuko dute. Hauxe Lola Rodríguez Arte Ederren Fakultateko irakaslearen eta Ondareen Zaharberritzeari buruzko Ikertaldearen proposamena izan zen.

Rodriguezek nabarmendu duenez: «ikasleentzat ikasteko modu bizia da, bertatik bertarakoa, eta proiekturako ere onuragarria dena«. EHUko irakasleak dioenez ikasleen lana laguntza handia da proiektu honen zaharberritzerako.

Aurtengoa EHUko Arte Ederretako fakultateko ikasleak bertan laguntzen duten hirugarren kanpaina da. 10-12 ikasle inguru arituko dira bertan lanean. Hiru urte hauetan ikasleek irakaslearen laguntzarekin eta haren gidaritzapean, areto nagusia egokitu dute, eta iparraldeko eta hegoaldeko galeria egokitzen lagundu dute.

Temas

Euskera