https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUko Arantza Mendioroz ikertzaileak Grinzato saria irabazi du

Aurten, topaketa Berlinen egin da, ekainaren 25etik 29ra

EL CORREO

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arantza Mendioroz ikertzaileak Grinzato Award saria eskuratu du. Quantitative Infrared Thermography QIRT biltzarreko batzorde zientifikoak ematen dio saria bertan aurkeztutako lan onenari. Aurten, topaketa Berlinen egin da, ekainaren 25etik 29ra, eta Arantza Mendiorozekin batera, Austriako Linz hiriko Recendt erakundeko Peter Burgholzer-ekin ere saritu dute.

EHUk jakinarazi duenez, biltzar bakoitzean, bi orrialdeko abstract azterlanak jaso ondoren, batzorde zientifikoak haietako bost hautatzen ditu batzordeko kideek egindako balorazioan puntu gehien eskuratu dituztenen artean, eta sarirako proposatzen dituzte. Azterlanak aurkeztu egiten dira, eta biltzarreko saio berezi batean defendatu. Erabakia batzordearen ondorengo bilkuran hartzen da. Sariak ez du zuzkidura ekonomikorik, diploma bat besterik ez.

EHUko ikertzaileak defendatutako azterlana arrakala bertikalak detektatzeari eta ezaugarriak (neurriak eta sakonera) era ez hondatzaileetan aldi berean, laster batean ezagutzeari lotuta dago. Teknikari bibrotermografia deitzen zaio eta, bertan, materialean ultrasoinu tren bat injektatzen da. Era horretan, arrakalako bi ezpainak dardararazi egiten dira. Gainazal horien mugimendu erlatiboak beroa eragiten du eta, kamera infragorri baten bidez piezako gainazala behatuz, arrakala hor dagoela detekta daiteke, beroago agertzen baita.

Algoritmo bat

«Gure lanean, arrakala bertikalek eta denboran haiek izandako bilakaerak eragindako tenperaturaren modelo bat sortu dugu, eta inbertsio algoritmo bat garatu dugu, ezagutzeko modu kuantitatibo batean beroa sortzen duen eremua zein den, zein sakoneran dagoen eta tokian sortzen duen bero isuria zein den», azaldu du Arantza Mendiorozek.

Ezaugarri horiek guztiak ezagutzeko aukera aurrerapen nabarmena dira bibrotermografia kuantifikazio gaitasuna duen entsegu teknika ez hondatzaile gisa sendotu dadin.

Azterlana EHUko Teknika Fototermikoen Taldeak garatu du, eta haren arduradun nagusia Agustín Salazar katedraduna da. Salazar Fisika Aplikatua I saileko kidea da Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta ikerketa Zaragozako Unibertsitateko Matematika Aplikatua sailarekin lankidetzan egin dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos