EHUk urrezko domina emango dio Euskaltzaindiari, euskararen alde egindako lana aintzatesteko helburuarekin
Euskararen akademia ofizialak hizkuntza hauxe arautu eta modernizatzeko lan ikaragarria egin du azken ehun urteotan
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 22 urria 2019, 22:06
Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina emango dio Euskaltzaindiari, euskararen alde egindako lana aintzatesteko helburuarekin. Euskararen akademia ofizialak hizkuntza hauxe arautu eta modernizatzeko lan ikaragarria egin du azken ehun urteotan.
Euskaltzaindia bere mendeurrenaren ospakizunen amaieraren baitan dago eta EHUk urtemuga honen amaiera hautatu du aitortza hau egiteko euskal erakundeari. Ostiral goizean ospatuko da dominaren banatze ekitaldia euskal unibertsitate publikoak Leioako campusean duen areto nagusian.
Ekitaldi honetan Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hartuko dute esku. Bertan bi pertsonai publiko hauek mintzaldi bat emango dute. Honetaz gain, Pedro Iriondo EHUko idazkari nagusiak Urrezko Dominaren banatze ekitaldiaren inguruan jorratutako idazkia irakurriko du.
EHUko ordezkariek astelehenean iragarri zutenez 40 bat urte igaro dira unibertsitatean irakasgai batzuk euskaraz eskaintzen hasi zirenetik. Harrezkero, gaineratu zuten euskararen presentzia eta egoera asko aldatu dela bertan. Izan ere, pauso erabakigarriak burutu dira hizkuntza honen erabilera normalizatzeko irakaskuntzan, ikerketan, jakintzan eta hedapenean.
Era berean, euskararen akademia ofizialak EHUko euskarazko terminologia zientifikoa eta unibertsitateko euskal hizkuntza estandarra sorrarazten eta hedatzen asko lagundu duela azpimarratu zuten. Hori dela bide, EHUko campusetan ikasten duten ikasleen gehiengoak egun ikasteko euskara hautatzen dutela nabarmendu zuten.
Halaber, Euskaltzaindiak urrezko dominaren banatze ekitaldia urriko batzarra egiteko erabiliko du. Bertan, mendeurreneko jardueren balantzea eta datorren urteko akademiaren jarduketa egitaraua aurkeztuko dira, datorren urteko euskararen hiztegia esaterako.