https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUk garapen jasangarriaren aldeko EHUagenda 2030 web ataria sortu du

Gizon bat, ordenagailua begiratzen./
Gizon bat, ordenagailua begiratzen.

Unibertsitateak garapen jasangarriaren aldeko 2030 EHUagendaren helburuak betetzeko martxan jarri dituen programa eta ekintza guztiak bildu ditu bertan

EUROPA PRESS

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Jasangarritasun Zuzendaritzak web atari berria sortu du, eta unibertsitateak garapen jasangarriaren aldeko 2030 EHUagendaren helburuak betetzeko martxan jarri dituen programa eta ekintza guztiak bildu ditu bertan. EHUk aurreko astean aurkeztu zuen web orria, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean.

Webguneak azaltzen du EHUk egiten dien ekarpen espezifiko eta xehea Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2015ean definitu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetatik (GJH) 12ri. EHUk hizkuntza eta kultura aniztasunarekin duen konpromisoa gehitzen die 12 helburu horiei, 17+1 GJHren bitartez.

EHUk jakinarazi duenez, egitasmoaren berritasuna honako honetan datza: bat egite generikoetatik harago, EHUk garapen operatibo eta neurgarri bat aurkezten du, NBEren ekimenari egingo dion ekarpen zehatzarena. Hala, helburu bakoitzean, 'Helburuak eta adierazleak' izeneko hasierako atal batean, zehazten dira hautatutako erreferentziazko helburuak eta helburuon betetze mailaren adierazle zehatzak. Gainera, EHU helburu bakoitzean zer abiapuntutan dagoen adierazten du, 2017-2018 ikasturteko datuen arabera.

EHU Estatuko lehenengo unibertsitatea izan da goi mailako hezkuntzan 2030 Agendaren eraikuntza eta jarraipen metodologia bat sortzen. 2030 EHUagenda apirilean onartu zuen EHUko Gobernu Kontseiluak, lerrokatuta dago unibertsitatearen plan estrategikoarekin, eta diziplinen egitura zatikatua ezbaian jartzen duen zeharkako izaera du. Jarraipenerako adierazle multzo bat du, eta adierazle horien zehaztapenean lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) eta Euskadiko hainbat eragilek.

Idoia Fernandez Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak proiektuaren aurkezpenean esan zuenez, webgune berriaren bidez unibertsitateak sendotu egiten du «jasangarritasunaren aldeko bere apustua, eta aldaketa sakon baten katalizatzaile izan nahi du, aldaketa gure jarrera eta ekintzetan, gure ikasgeletan eta ikasgeletatik eta campusetatik kanpo sentitu beharko dena, euskal gizarteak berak sentitu beharko duena».

EHUagendaren barnean, IKD hezkuntza ereduaren berrikuspena dago, izena aldatu eta hemendik aurrera IKD i3 izango dena (irakaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna).

Temas

Upv, Euskera