https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EHUk bost emakume omendu ditu euren lan akademiko eta ikerketa lanengatik

EHUk bost emakume omendu ditu euren lan akademiko eta ikerketa lanengatik

Maribel Arriortua, Adela Asua, Inma Hernáez, Lourdes Oñederra eta Begoña Ochoa izan dira asteazken honetan omendu dituzten emakumeak

E.C.

Euskal Herriko Unibertsitateak Maribel Arriortua, Adela Asua, Inma Hernáez, Lourdes Oñederra eta Begoña Ochoa omendu ditu asteazken honetan bere lan akademiko eta ikerketa lanagatik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. EHUko ordezkariek nabarmendu dutenez, emakume horiek guztiak «eredugarriak» dira bai unibertsitatean zein gizartean.

EHUk martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta egindako ekitaldi instituzionalaren baitan egin da omenaldia, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan, Leioan, Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatuta.

Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Alaia Martín eta Jone Uria bertsolariek ireki dute omenaldia, 'Ez da kasualitatea' bertso saioarekin, eta ekitaldian izan dira Nekane Balluerka EHUko errektorea eta Idoia Fernández Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea.

Jarraian omenaldia egin da. Bost omenduak irakaskuntzaren, ikerketaren eta zabalkundearen arloan izandako ibilbideagatik gailendu direla nabarmendu du EHUk, eta «eredugarriak» direla beren jakintza arloetan: Gizarte eta Lege Zientziak (Adela Asua Zigor Zuzenbideko katedraduna), Zientziak (Maribel Arriortua Kristalografiako eta Mineralogiako katedraduna), Arteak eta Giza Zientziak (Lourdes Oñederra, Euskal Filologiako katedraduna), Osasun Zientziak (Begoña Ochoa Fisiologiako katedraduna) eta Ingeniaritza eta Arkitektura (Inma Hernáez Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen Ingeniaritzako katedraduna).

Balluerkak azpimarratu duenez, «emakumea eremu publikotik kanpo bizi izan da, politika, ekonomia eta ezagutza garatzen ziren eremutik kanpo, alegia. Egun, gizarte modernoetan, emakumea ez dago horietatik kanpo, baina egon badira harentzat desabantaila erlatiboak direnak. Batzuetan inguruabar txikiak dira, familiarrak edo pertsonalak, bizitza baten orientazioan finean eragin dezaketenak. Hortaz, arreta eskaini behar zaio pertsona batzuei anekdotikoa iruditzen zion horri, emakume baten etorkizuna modu erabakigarrian markatu baitezake».

Berdintasunerako Zuzendaritzaren sariak

Ekitaldia bukatutakoan, EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzaren sariak eman dira. Arte Ederren Fakultateak eta Berdintasunerako Zuzendaritzak iragarritako lehiaketaren irabazle izandako Maite Leyún Orricok egindako tailu bat jaso dute emakume sarituek.

Horrela, Ikasketa feministei edo genero ikasketei buruzko tesirik onenaren Micaela Portilla Vitoria saria Marina Sagastizabalek eskuratu du, eta Genero ikuspegia master amaierako lanetan txertatzeari ematen zaion Maria Goyri saria Ane Miren Villagránek.

Halaber, Genero ikuspegia gradu amaierako lanetan txertatzeari ematen zaion Francisca de Aculodi sariak ondorengo hauek jaso dituzte: Gizarte eta Lege Zientzietan, Maialen Musatadik (euskara) eta Iraide Álvarezek (gaztelania); Zientzietan ez da saririk eman; Arte eta Giza Zientzietan, Irati Fernándezek (euskara) eta Oier Quinconcesek (gaztelania); Osasun Zientzietan, Olatz Sarasolak (euskara) eta Izarne Aldayk (gaztelania);Ingeniaritza eta Arkitekturan ez da saririk eman. Gainera, EHUren martxoaren 8ko kartel instituzionalaren sariaren lehen edizioa Erika Barrenetxearentzat izan da.

Temas

Euskera