https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ehualumni: esperientziak zein jakintzak trukatzeko 5.500 ikasle oihen sarea

Parte-hartzaileek euren jakintzak trukatuko dituzte./Fotolia
Parte-hartzaileek euren jakintzak trukatuko dituzte. / Fotolia

Helburua da ikasle garaian hala unibertsitatearekin nola ikaskideekin eta esperientzia lagunekin sortutako loturak sustatzea eta mantentzea

EL CORREO

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasgeletan trebatutako 5.500 pertsona baino gehiago biltzen ditu jada duela hiru urte martxan jarritako ehualumni sareak. Parte-hartzaileek esperientziak zein jakintzak trukatzen dituzte bertan, ikasle garaian hala unibertsitatearekin nola ikaskideekin eta esperientzia lagunekin sortutako loturak sustatzeko eta mantentzeko.

EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, unibertsitate harremanak ikasgeletatik haratago zabaltzeko, ehualumnik programa batzuk jarri ditu abian, besteak beste, Mentoring eta Cicerone, bere estrategiaren ardatz direnak, hain zuzen. Horrela, Mentoring programak EHUn titulua eskuratu berri duten pertsonak gidariekin jartzen ditu harremanetan, lan orientazioa ez ezik, informazioa eta aholkuak ere jaso ditzaten. Aurten, jakintza arlo guztietako 35 bikotek hartzen dute parte programa honetan -iaz baino hamar gehiagok-. Hala nola, Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Artea eta Giza Zientziak, eta Gizarte eta Lege Zientzietako ikasle ohiez ari gara.

Gauzak horrela, sei hilabetez, parte hartzaileek jakintzak, trebetasunak eta esperientziak partekatuko dituzte, Zaira Vicente gidariak eta Janire Malda gidatuak 2017ko esperientzia pilotuan egin zuten bezala. Geroztik, orotara 29 bikotek hartu dute parte. Programaren hirugarren edizioa gidari eta gidatuentzako prestakuntza saio batekin hasi da.

Bestalde, Cicerone programaren kasuan, ehualumni sarea bost kontinenteetan dago zabalduta, eta horren bidez, dauden herrialdeari, eremu geografikoari edo erakundeari buruzko esperientziaren berri ematen dute tituludunek. Japonian, Ekuatore Ginean, Alemanian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian dago kanpo sare hori, besteak beste.

«Afektibitate loturak»

Programa horietan ez ezik, ehualumnin izena emanda dauden pertsonak trebakuntza Eskolan sar daitezke ere. Horren bidez, gaitasun orokorrak eguneratzeko xedea duten berariazko ikastaro eta lantegiak antolatzen dira, hobeto laneratzen edo enpleguan hobetzen laguntzeko.

Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruizek proiektuaren balioa nabarmendu du: «ehualumnik hiru urte bete ditu eta milaka batzuk dira jada ekimenarekin bat egin duten gure unibertsitateko tituludunak».

Ruizen iritziz, EHUn ikasle izandako pertsonek «afektibitate loturak» dituzte elkarrekiko zein ikasketak egindako unibertsitatearekiko, «eta hori bizitza pertsonalean eta profesionalean aprobetxatu ahal eta behar dugun kapitala da: tituludun orok oso jakintza, esperientzia, harreman eta helburu baliotsuak ditu, eta gure unibertsitateko beste kide batzuekin parteka ditzake horiek«.

«Harreman horiek errazteko tresna izan nahi du ehualumnik, jakintza eta esperientzia kapital handi hori elkarren onerako aprobetxatu ahal izateko. Lan handia egin da hiru urte hauetan, bai, baina badakigu lan asko daukagula aurrean, eta ilusio handia ere bai», esan du.

Bere presidente Iñigo Lamarcarekin batera, ehualumniko kideen artean daude Belén Frau, Gaizka Garitano, Almudena Cacho, Iraia Iturregi, Nélida Zaitegi, Iñaki López, Ostaiska Egia, Mikel Urdangarin, Fernando Baptista, Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Iñaki Zoilo edo Maider Llaguno. Guztiak elkarrekin konektatuta daude, webaren bidez eta Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialen bidez.

Temas

Upv, Euskera