Goiz batean, justu eguna argitzera doanean esnatzerakoan, ez baneki ze egunetan bizi garen (ezinezkoa, kontrako gaixotasuna baitut, beti dakit ze egun eta ordutan bizi naizen), ez baneki udazken betean gaudela, berehala ulertuko nuke azaroan geundela, agian urriaren bukaeran.
Publicidad
Nola? Ehiztarien tiroek jakinarazita. Hurbiltzen dira ehiztariak gure auzora, aparkatzen dute autoa eta, safari batera doanaren moduan jantzita, abiatzen dira aldapa gora, eskopeta zintzilik. Urtero, udazkenean. Behin kontatu nuen irratian horrelakoetan zerura begiratu eta uso saldoa ikusten badut, iparretik hegora hegan, abisatu nahiko niekeela desbideratu zezatela norabidea pitin bat, ehiztariak zain dituztelako ezkutuan. Ez dut ahaztu komentario apal horrek ekarri zidan irain mordoa. Talde antolatua osatzen dute ehiztariek eta berehala sentitzen dira erasoz oldartuak.
Aitortu nahi dut horretan ere kontraesanak ditudala, urtean behin gustura jaten dudala uso gisatu bat, barazki ugarirekin egindako saltsa ilunaz lagunduta, gure txikitako etxean eper-saltsa esaten zitzaion horrekin, tipula, azenarioa, erremolatxa, tomate pixka bat eta piper berde erdia.
Are gehiago, ez zait antzeko ezer gertatzen norbait itsasertzean arrantzan ikusten dudanean, baina bi kasu horietan emaitza berdina da, usoa edo korrokoia. Kanaberaz arrantza egiten dutenak (ia ehuneko ehun gizonezkoak, ehiztariak bezalaxe) ez dira Akab kapitainaz mozorrotzen eta ez dute zaratarik egiten. Ehiztariek bai, pum, pum, pum, egunsentitik eguerdira, batez ere udazkeneko asteburu eta jaiegunetan.
Egia da, era berean, ez dakidala usorik bota duten ala ez, gutxitan ikusten baititut beherakoan. Tiroak bai, tiroak entzuten ditut. Eta ehiztari bat ikusi bezain laster pizten zait, modu automatikoan, hegaztiekiko errukia. Eskerrak aste gutxitako kontua den.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión